Nork bere burua ezagutzeko edukiak eskainiko ditu Ara! Gorputz elkarteak Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko abe. 4a, 12:00
Enara Iruretagoiena eta Ione Fernandez.

Abenduaren 11n eta 12an eskainiko du Ara!Gorputz elkarteak formakuntza feminista saioa, udaletxean: Ione Fernandez eta Enara Iruretagoiena izango dira gidariak. Abenduaren 9a baino lehen eman behar da izena, berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidean.

Gorputzak erdigunean jartzea helburu duen Ara! Gorputz elkarteak bulba duten pertsonei zuzendutako saioa antolatu du abenduaren 11rako –17:00etatik 20:00etara– eta 12rako –11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era–. Ione Fernandez eta Enara Iruretagoiena izango dira saioko gidariak. Bi gairen bueltan ibiliko dira: hilerokoa eta autokudeatutako ginekologia. Plaza mugatuak izango direnez aurrez eman behar da izena. Ione Fernandezek erantzun ditu galderak.

Zer eskainiko duzue?

Ara!Gorputz sortu genuenean, gorputza erdigunean jarri gura genuen. Gorputzak bere gain gauza asko hartzen ditu: bulba, umetokia... Aramaioko saioan, bariku arratsaldean, hilerokoaren inguruan jardungo dugu: kulturalki, sinbolikoki eta emozioen aldetik landuko dugu hilerokoa.

Zapatuan, autokudeatutako ginekologia landuko duzue.

Zapatu goizean, aurreko egunean landutakoaren errepasoa egingo dugu eta menarkiaz ere jardungo dugu: gure lehenengo hilerokoa nola bizi genuen. Ondoren, autokudeatutako ginekologia ikusiko dugu. Ginekologiaren historia errepasatu eta horren inguruan egin den eraikuntza patriarkalaz jardungo dugu. Beste egiteko forma batzuk ere badaudela aldarrikatu eta erakutsi nahi dugu. Azkenik, saio praktikoak egingo ditugu. Nork bere burua ezagutzeko edukiak eta baliabideak emango ditugu. Nabarmendu behar da gu ez garela ez medikuak ezta ginekologoak ere.

Nori zuzenduta dago?

Bulba duten pertsonei dago zuzenduta. Adin tarteari dagokionez, ez dago mugarik, baina adinez txikiak direnek gurasoen baimena beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak