Jose Luis Madina, argazkilaria: "Aramaio hain ederra izanda, nik ez dut meriturik"

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 27a, 11:33
Jose Luis Madina argazkilaria. (Argazkia: Julen Iriondo)

Aramaio erretratatzen maisua da Madina, eta, berriki, Aramaioko Udalaren argazki lehiaketan bi sari jaso ditu: Argazki onenarena, eta udazkeneko argazki onenarena.  Herriko leku bakoitza zein unetan erretratatu behar den daki, zehaztasun maila itzelarekin.

EITBko Eguraldia programa argazki ederrez hornitzen darama sei urtez. Egunero aritzeak ematen duen eskarmentuari esker, Aramaioko bazterren edertasuna modu paregabean kontrolatzen du, eta bi sari jaso ditu Aramaio Udalak antolatzen duen argazki lehiaketan.

Zenbat tokitatik ikusita da ederra Aramaio?

Berdin dio nora zoazen: San Kristobalera, Untzillara, Etxaguenera, Uribarrira, Azkoagara... Leku horietatik guztietatik ezberdin ikusten da, baina beti eder. Nabarmendu nahiko nuke naturarekin lotutako paisaiak ateratzeko ez dagoela Aramaio bezalakorik. Espektakulu hutsa da. Argazkilariok ez dugu ia ezer egin behar argazki eder bat lortzeko. Gaur goizean, adibidez, hamabost argazki inguru atera ditut EITBko Eguraldia saiora bidaltzeko, eta horietatik ederrena aukeratzeko lanak izan ditut; kosta egiten zait.

Esaerak dio: Meritua ez da geziarena, gezia jaurti duen indiarrarena baizik. Kasu honetan, ordea...

Aramaio hain da ederra, nik ez dut batere meriturik.

Egunero aritzen zara?

Ia egunero, bai. Errutina hori izanda, teknika fintzen zoaz, eta gero eta hobeto dakizu argazkiak noiz eta non atera behar diren. Eta konposizioak egiten jakitea ere oso garrantzitsua da. Adibidez: Uribarriko eliza. Ederra da, bera bakarrik, baina, elementu gehigarri bat sartuz gero, horrek egiten du argazkia berezi: lore batzuk, lore batzuk eta eguzkia... Hor dago jokoa.

Alde horretatik, maisuki kontrolatzen duzu noiz eta non egon...

Oso garrantzitsua da hori kontrolpean edukitzea. Eguzkia zein momentutan agertzen den jakiteak asko laguntzen du argazkia perfektua izan dadin.

"Gaur goizean, adibidez, hamabost argazki inguru atera ditut EITBko Eguraldia saiora bidaltzeko, eta horietatik ederrena aukeratzeko lanak izan ditut; kosta egiten zait".

Egunetik egunera, gutxi gorabehera, hiru bat minutu aldatzen da eguzkiaren agerrera, eta, hori kalkulatzen baduzu, badakizu zehatz-mehatz zein ordutan atera behar duzun argazkia. Ez hori bakarrik. Eguraldia, haizea eta halako faktoreak hor daude. Albinan, adibidez, gaur, 17:10 aldera, argazki ederra atera daiteke. Eguzkia orduan hasten da gordetzen, eta haren isla uretan harrapatuta konposizio ederra geratzen da; baina haizea baldin badabil, ez duzu islarik izango.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak