Idoia Asurmendik Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eskainiko du emanaldia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 27a, 10:33

Abenduaren 12an egingo dute ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian. Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea arituko dira batetik; eta, bestetik, gaur egun modan dauden euskal musika taldeak eta bakarlariak, besteak beste, Idoia Asurmendi aramaioarra.

Abenduaren 12an, Gora bihotzak izena duen emanaldia eskainiko dute Euskalduna jauregian. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera joko dute momentuko talde handienek: Izarok, Zea Mais-ek, Zetak-ek, Eñaut Elorrietak eta Idoia Asurmendi aramaioarrak, besteak beste.

Asurmendi pozik dago eman dioten aukerarekin: "Kontzertu horretako zuzendari artistikoa Fernando Velazquez musika konpositorea izango da. Kontua da konfinamendu garaian sare sozialetara igo nituen abestiak entzun zituela eta gustatu egin zitzaizkiola. Nirekin harremanetan jarri zen eta elkarrekin zerbait egiteko ideia proposatu zidan".

Aramaioarrak sortutako kanta

Asurmendik berak sortutako hainbat kanta bidali zizkion Velazquezi eta hark bat aukeratu zuen abenduko emanaldirako: "Nik gitarrarekin jotzeko sortu nuen abestia, Viejo refranero izenekoa, da aukeratu duena. Velazquezek moldatu egin du orkestrarekin jotzeko. Esan behar da bertsio oso polita egin duela, berezia". Kanta bakarra eskainiko du Asurmendik.

Dagoeneko hainbat entsegu egin ditu orkestrarekin eta aramaioarra gogotsu dago abenduko emanaldirako.

Gainontzekoen babes handia

"Izugarrizko babesa jaso dut gainontzeko taldeen aldetik, eta baita Fernando Velazquezen aldetik ere. Egia esan, oso babestua sentitu naiz", nabarmendu nahi izan du Asurmendik. Izan ere, abenduko emanaldian oholtza gainera igoko dira gaur egun izen eta arrakasta handia duten musika taldeak eta bakarlariak, eta horien ondoan egotea ez da aukera makala izango Asurmendirendako. Kirmen Uribe idazleak eta Pascual Molongua bakarlariak ere emanaldian parte hartuko dute.

Sarrerak, azaroaren 4an

Sarrerak salgai jarriko dituzte azaroaren 4an, Euskaldunako leihatilan. Edukiera mugatua izango duenez, 400 sarrera bakarrik aterako dituztela azaldu dute antolatzaileek. Asurmendik dio kontzertura joateko aukerarik ez duenak streaming bidez ikusi ahal izango duela emanaldia zuzenean, Fsnext.org atarian, eta, gainera, EITBk grabatu egingo duela Gabonetan emateko.

Fair Saturday jaialdi solidarioari amaiera emateko ekitaldia izango da Gora bihotzak. Aurten, kulturaren inguruan lanean dihardutenei keinu bat egin nahi izan die jaialdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak