Aizkolarien eta harri-jasotzaileen lehiarekin gozatu dute Aramaion

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko urr. 25a, 13:33
Urdax Magunazelaia

Ikuskizun polita eta emozioz beterikoa eskaini dute kirolariek Aramaioko pilotalekuan. Gainera, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako hirugarren mailako finalerako txartela eskuratu dute Luis Polancok eta Julen Aranberrik.

Herri kirolen emozioaz gozatu dute eguerdian Aramaioko pilotalekura gerturatu diren zaletuak. Izan ere, COVID-19ari aurre egiteko neurriak harturik, harri-jasotzaileek eta aizkolariek dena eman dute, publikoaren aurrean emanaldi gutxi izan dituzte-eta pandemia hasi zenetik.

Lehenengo, harri-jasotzaileen txanda izan da. Bikoteka, Urrezko binakako harri-jasotzaileen txapelketa jokatzen ari dira, plaza ezberdinetan, eta Aramaion Urdax Magunazelaia abadiñarrak eta Jon Irañeta nafarrak osaturiko bikotearen txanda izan da. Ikuskizun ederra eskaini du Magunazelaiak, esfortzu izugarria eginez, entrenamenduetan "gaizki" ibili dela onartu du-eta bizkaitarrak. Zaleak eta lagunak animatzen izan dituelarik, bere burua ere animatzeko oihuka hasi da, marka polita lortu arte. Bere kide Jon Irañeta, bestalde oso txukun ibili da, pisu gutxiagoko harriekin, eta esferikoarekin ere ikuskizun ederra eskaini du, indarrak hustu arte.

Aizkolarien txandan, 8 kirolari ibili dira nor baino nor gehiago: Luis Polanco, Beñat Amade, Mikel Agirre, Aitor Urteaga, Ibai Soroa, Julen Aranberri, Axel Larrañaga eta Unai Zabala. 3. mailako Urrezko Aizkora txapelketako finalerako txartelak zeuden jokoan eta txanda bakoitzeko onenak txartel bana eskuratu du. Lau enbor moztu behar izan dituzte aizkolariek, eta lehenengo txandan Otxandioko Luis Polanco izan da azkarrena. "Entrenamendu gutxi eginda" heldu dela onartu du Polancok, baina aise irabazi du bere txanda –ama Oleta auzokoa du, eta beraz, etxean jokatu duela esan daiteke–.

Bigarren txandan Zumarragako Julen Aranberri nagusi da. Hasier indartsua egin du Aranberrik, baina bukaera luze egin zaio, eta azkeneko enborrean galdutako denboragatik, Polancok baino marka kaskarragoa egin du gipuzkoarrak. Hala ere, bere txandako azkarrena izan da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak