Aramaioko bertsolariek presentzia nabarmena izango dute Arabako bertsozaleen festa handian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 9a, 08:00

Arabako bertsozaleek bertsoaz gozatzeko eguna izango dute bihar, Murgian. Arabako kuadrilla arteko finala jokatuko dute, eta baita eskolarteko finala ere. Bertsoaren inguruko egun handian, aramaioarrek presentzia nabarmena izango dute.

Izan ere, finaleko hiru taldeetatik bi aramaioarrak izango dira: Izenbakuek eta Konde Basoko Iluek. Eskolarteko finalean sei bertsolarik kantatuko dute; tartean izango dira Aramaioko Aitor Ugarte, Danel Herrarte eta Gari Arexolaleiba.

Urte zelebreari amaiera ona 

Urtarrilean hasi zuten kuadrilla arteko txapelketa. Lehenengo, kanporaketak jokatu zituzten: guztira, hamabi saio; ondoren, finalaurrekoak: hiru saio. Izenbakuek taldeak –Peru Abarrategi, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Danel Herrarte– martxoaren 7an Aramaion jokatu zen finalaurrekoan lortu zuen finalerako txartela. "Urte oso zelebrea izan da. Finala zapatuan izango da, eta, egia esan, ez da erraza irudikatzea finala. Saio berezia izango da. Martxoan txapelketa bertan behera geratu zenetik denok dakigu zelan ibili garen. Egia da bertso saioak ez direla izan gehien sufritu duten kultur adierazpenak", azaldu du Manex Agirre bertsolariak.

Taldean jokatzen den txapelketa izanda, bakarka ibiltzea baino erosoagoa dela dio Agirrek: "Beste emozio batzuk batzen dira. Preparatzeko modua ere ezberdina da. Taldeka egiten ditugu ariketak, erabakiak taldean hartzen dira, saiora zelan joan erabakitzen da... egia da bakarka joatea baino erosoagoa dela". Taldeen artean sortzen den giroa ere berezia izaten da, eta, kasu honetan, bi talde Aramaiokoak izanda, lehia sano hori nabaritu egingo da oholtza gainean.

Zazpi hilabeteko geldialdiaren ondoren, irailaren 26an Amurrion jokatu zuten finalaurrekoan lortu zuen Konde Basoko Iluek taldeak finalerako txartela. Xabi Igoak, Paula Amilburuk, Aitor Ugartek eta Martin Abarrategik osatzen dute Aramaioko bigarren talde hori.

Harro egoteko moduan daude

Aramaion bertso zaletasun handia dagoela eta bertsolari handiak daudela argi ikusiko da biharko festa handian: "Zaletasun horren erruduna, hein handi batean, bertso eskola da, eta han pilatzen den jendea. Gure giro propioa sortu dugu". Biharko finalez gain, Arabako bertsolari txapelketan ere aramaioarrek egin izan duten lana nabarmentzeko modukoa da: "Herrian egiten den lanaren emaitza da. Nolabaiteko poztasuna ematen du, egiten denaren saria dela esan daiteke".

Sarrerak non erosi

Finalera begira jarrita, jendea gogotsu ikusten du Agirrek: "Kontuan hartu behar da finala lehiaketa bat dela eta talde guztiak ahal dugun ondoen egitera joango garela". Kanpoan geratu direnak ere gogoan, ahalegin berezia egingo dute bertsolariek biharko saioa borobila izateko. Bihar jokatuko den finalerako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke, bihar arte, 12:00ak arte. Saioaren egunean sarrerarik geratuko balitz, txarteldegian salduko lituzkete, 16:00etatik aurrera. Bazkideendako, eta 8 eta 16 urte bitartekoendako sarrerak 4 eurotan daude salgai; gainontzekoendako, 6 eurotan.

Murgiako Palatu kirol eremuan izango dira finalak. Gaztetxoen finala 12:00etan izango da; nagusiena, 17:00etan.

Bertso eskolan izena eman

Bertso eskolan izena emateko epeak zabalik jarraitzen du. "Dagoeneko osatu ditugu taldeak, baina zabalik gaude jende gehiago hartzeko. Aurten ere hiru talde osatu ditugu: gazteak, gaztetxoak eta umeak. Gainera, txikienen taldean lau ume barri izango ditugu", dio Agirrek. Protokoloa prestatzen dihardutela dio, eta gaur bertan ez badute lehenengo entsegua egiten, datorren astean eskolak hasteko moduan egongo direla gaineratu du Agirrek. Hala, badirudi Aramaioko bertso eskolak baduela etorkizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak