Kaleko margo lehiaketa egingo dute Aramaion urriaren 12an, astelehena

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 8a, 14:00

Urteroko hitzorduari eutsiko diote Aramaion pintura zaleek. Udalak antolatuta, kaleko margo lehiaketa egingo dute, 29. aldiz. Astelehenean izango da, urriaren 12an.

Lehiaketan parte hartzeko aukera edonork izango du; hori bai, norberak eraman beharko ditu margotzeko beharrezkoak diren material guztiak.
Lanak egiteko euskarriak Sastiña ermitan zigilatuko dituzte, astelehenean bertan, 9:00etik 11:00etara bitartean. Kalean, aire zabalean margotu beharko dira obrak lehiaketa egunean bertan. Aramaioko udalerrian egin beharko dira margolanak eta horrez gain herriko irudietan oinarritu beharko dira lanak. "Garai batean Iturzuri emakume elkarteak antolatzen zuen pintura lehiaketa; baina, azkeneko urteetan Udalak hartu du horren ardura, emakumeen laguntzarekin", azaldu du Itxaso Aspiazu kultura teknikariak. 

Lanak, 14:00etarako amaituta 

Aramaioko udalerrian egin beharko dituzte lanak: "Ez dago leku kuttunik; egia esan, margolariak herri guztian zehar eta auzoetan banatzen dira". Behin margolanak amaituta, Sastiñan aurkeztu beharko dituzte, sinatu barik, 14:00ak baino lehen.

Margolari asko erakartzen duen lehiaketa izaten da Aramaiokoa: Euskal Herritik kanpoko margolariek ere parte hartze dute lehiaketan. 

Teknika librea izango da 

Teknika librea izango da: akuarela, olio-pintura, ikatz-marrazkiak... nahi dutena egin dezakete margolariek.

Epaimahaiak 18:00etarako esango du irabazleen izenak. "Aurten aldaketa txiki batzuk izango ditugu osasun egoera nolako den kontuan hartuta. Sari banaketa bi txandetan egingo dugu: 18:00etan umeena izango da, eta 18:30ean nagusiena. Gainera, udaletxean egingo dugu sari banaketa Sastiñan egin beharrean", azaldu du kultura teknikariak. Horrez gain, margolariekin urtero egin ohi izan duten bazkaririk ez dute eskainiko aurten.

Sariak

Sariak bi kategoriatan banatuko dituzte: 16 urtetik gorakoetan, lehenengo sailkatuak 700 euro irabaziko ditu; bigarrenak 500 euro eta hirugarrena 400 euro. Lehenengo aramaioarrak 150 euro eramango ditu. 16 urtetik beherakoen kategorian, 150 euroko balea irabaziko du lehenengoak pintura materialetarako; bigarrenak 100 euroko balea; eta, hirugarrenak 50 euroko balea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak