Dena prest dute mendi martxa modu seguruan egin ahal izateko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko ira. 25a, 16:09

Bihar, zapatua, egingo dute Aitor Aranaren omenezko mendi martxa. 24. aldia izango da aurtengoa, eta, osasun egoerak baldintzatuta, protokolo zehatza jarraituko beharko dute parte hartzaileek. 20,6 kilometroko ibilaldia prestatu dute Orixol mendizale elkartekoek.

Aurtengoa berezia izango da. Protokolo zorrotza bete beharko dute bihar egingo duten mendi ibilaldian. Besteak beste, jende kopurua mugatu egin dute: 80 lagunendako lekua egongo da. "Izen-ematea ireki eta hiru egunean bete genuen 80ko kopuru hori", azaldu du Orixol mendizale elkarteko Peru Abarrategik. Izan ere, bizi dugun osasun egoerak baldintzatutako mendi ibilaldia izango da: "Udalarekin elkarlanean adostu ditugu protokoloa eta baldintzak".

Aurrera egitea erabaki dute

Egoera berezi honetan, hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira. "Hainbat mendi martxa bertan behera geratu zirela ikusi genuen. Gure kasuan, nahiz eta iazko martxa jendetsua izan, ez gara beste martxa batzuk ibiltzen diren kopuruetan ibiltzen", dio Abarrategik. Hori kontuan hartuta, eta herrian antolatzen diren ekintzak mugatuta daudela kontuan hartuta, elkarlanean adostu dute jarraitu beharreko protokoloa.

Irteera mailakatua izango da

Izena eman duten mendizale gehienak herrikoak dira –beste batzuk, ondoko herrietakoak–. "Jende ezaguna da gehiena; horregatik, badakigu euren egunerokotasunean ze zirkulu edo burbuiletan mugitzen diren, Gure ahalegina izan da talde egonkor horiek errespetatzea", gaineratu du. 07:30erako kiroldegian egoteko agindua jaso dute mendizaleek. Taldeetan banatuko dituzte eta bi minutuko aldearekin irtengo dira: "Gure kezka zen 80 horiek ez batzea leku eta ordu berean". Helburu nagusia jende pilaketak saihestea izango da. Hori horrela, anoa-postuetan ere, jende asko pilatzen dela ikusiz gero denbora tartea izango dute. Gainera, anoa-postuetan maskara janztea derrigorra izango da eta hidroalkohola erabili beharko da. Bi anoa-postu egongo dira ibilaldian, eta azkena kiroldegian.

Ibilbidean berritasunak daude

Aitor Aranaren omenezko 24. mendi ibilaldiak zenbait bide berri erakutsiko ditu aurten: "Cuatrovientos baserri ingurutik sartuko gara aurten, hori berritasuna izango da". 20,6 kilometroko ibilbidea izango du martxak: Cuatrovientos aldetik Lurgorrira hartuko dute, eta handik Tellamendi, Zabalaundi eta Lezia pasako dute Orixolera iritsi aurretik; Arrikoititik jaitsiko dira Ibarrara. Bost bat ordu inguruan egiteko martxa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak