Garun-paralisia oztopo izan barik, mendira

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 25a, 16:00

Irati Garaitonandia, Joelette aulki gurpildun berezian.

Irati Garaitonandia 11 urteko aramaioarrak mendi buelta bikainaz gozatu zuen familiakoekin joan den domekan. Montes Solidarios elkarteko kideek lagunduta, Joelette aulki gurpildun berezian eraman zuten, Okinatik Sesetaraino.

Mendi buelta eder bat lagun eta familiartekoekin egitea bezalakorik ez dago, eta hori izan da azken boladan Irati Garaitonandia 11 urteko aramaioarrak zuen nahia. Mendi buelta bat egitea, gertukoak alboan izanda.

Garun-paralisia dauka Garaitonandiak, eta familiakoek dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako mendiko jarduerak sustatu eta antolatzen dituen Montes Solidarios egitasmoko kideekin kontaktatu zuten irteera bat egiteko. Hain zuzen ere, Okina eta Saseta (Bernedo) arteko 5,5 kilometro inguruko mendi ibilaldia egin zuten joan den domekan, Ayuda errekako arroila ertzetik doan bideari jarraituz.

Irati Garaitonandia Joelette aulki gurpildun berezian eramaten.

Ibilbidea gauzatzeko, Joelette aulki gurpildun berezia erabiltzen dute Montes Solidarios egitasmoko boluntarioek, eta garraiatzeko profesionalak diren boluntarioek eramaten dute dibertsitate funtzionala duen pertsona, irisgarriak ez diren lekuak irisgarri eginez. Lan horretan, bost lagun joan ziren Garaitonandia eramatera, adierazi du Amaia Garaitonandia izebak: "Aurretik doana arnesarekin doa, beste bat atzetik, balaztekin, eta aldamenetan laguntzen. Horiek aldatzen joaten dira, eta, batez ere, aldapa malkartsuetan egiten zuten indarra".

Mendi buelta opari

Irati Garaitonandia aspaldidanik ari zela mendira joan gura zuela eskatu eta eskatu adierazi du izebak: "Abuztuaren 15ean, 11 urte bete zituen, eta honako irteera hau antolatu genuen opari gisa. Irati eta gurasoak, nire ahizpa eta bere gizona eta euren bi haurrak, nire gizona, alaba eta ni joan ginen. Hamar lagun, guztira. Eguraldi ederra egin zigun, eta esperientzia bikaina izan zen. Montes Solidarios elkartekoekin egiten genuen lehenengo irteera zen, eta, bizitako esperientziarekin, errepikatuko dugulakoan nago".

Bidean ateratako talde argazkia.

Irati Joelette aulki gurpildun berezian.

Bide bera egiten

Familiako hamar lagunez eta boluntarioez gain beste hainbat ere izan zirela adierazi du Garaitonandiak: "Garun-paralisia daukan beste bat ere aulki gurpildun berezian eraman zuten bost lagunek, eta bere familiakoak ere izan ziren. Horrekin batera, itsua edo ikusmen desgaitasuna duen pertsona bat ere izan zen barrarekin…".

Itsuen eta ikusmen gutxiko pertsonen mendiko gidaritzan trebatutako pertsonak ere badituzte Montes Solidarios elkartean, eta baita aramaioarrekin izan ziren Joelette aulkia maneiatzen eta gidatzen trebatutakoak ere. Aulki hori berezia da, mugikortasun urriko pertsonak edozein mendi-lurretan mugitzeko. Hala, mendiaz gozatu nahi duen orok ez du aitzakiarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak