Kirol ikastaroekin aurrera egitea erabaki du Aramaioko Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko ira. 14a, 20:58

Ikasturte berrira begira, Udalak GAH, Pilates eta mantentze gimnasia ikastaroak antolatu ditu. Interesatuek, dagoeneko, eman dezakete izena ikastaroetan.

Egoera berezia izan arren, Aramaioko Udalak kirol eskaintzarekin aurrera egitea erabaki du. Hiru ikastaro antolatu dituzte; izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Ikastaroak urrian hasiko dituzte.

GAH, Pilates eta adinekoen gimnasia dira antolatutako ikastaroak. Ahalik eta normaltasun handiena mantendu nahi dute, segurtasun eta higiene neurriak ahaztu gabe.

Mantentze gimnasia

Mantentze gimnasia hirugarren adinekoei zuzendutako jarduera izango da. Martitzenetan eta eguenetan eskainiko dute, 10:45etik 11:45era bitartean. Udaletxeko bulegoetan eman beharko da izena irailaren 25era arte. Ikastaroa doan izango da. Arduradunek nabarmendu dute osasun krisiaren ondorioz prebentzio neurriak bete beharko direla eta edukiera mugatua izango duela ikastaroak.

Gluteoak, abdominalak eta hankak

Indarra hartzeko eta erresistentzia lantzeko balio duen ariketa da GAH: bereziki, gluteoak, abdominalak eta hankak lantzen dira. Hiru ordutegi eskaini dituzte: astelehenetan 17:15etik 18:15era; astelehenetan 18:15etik 19:15era; eta, eguaztenetan 18:15etik 19:15era. Astean ordu bakarra eginez gero, prezioa izango litzateke 60 euro ikasturte guztian; eta, astean bi ordu eginez gero, prezioa izango litzateke 120 euro ikasturteko. Udaletxean eman behar da izena eta baita ordaindu ere, irailaren 25era arte.

Pilates

Bi aukera daude pilates egiteko: martitzenetan eta eguenetan 9:30etik 10:30era; edo, martitzenetan eta eguenetan 19:30etik 20:30era. Ikasturte guztiko prezioa izango da 120 euro. Izena eman behar da udaletxean, han bertan ordainduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak