Motorren burrunba indartsu itzuli da bailarara

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko ira. 13a, 11:15

Motorzale ugari batu zen atzo Aramaioko 19. Rallysprinta jarraitzeko, Debagoienean aurten jokatuko den proba bakarra. Eskoriatzako Gorka Idigoras pilotuak eta Aramaioko Raul Perez kopilotuak osatutako bikotea izan da azkarrena rallysprintean.

Eguraldi paregabearekin motorzale ugari batu zen atzo, zapatua, Aramaioko bidezidorretan, Azpiko Racing eskuderiak antolatu duen rallysprinta jarraitzeko. Aurten, koronabirusa dela-eta, Debagoieneko beste probak bertan behera gelditu dira, eta gidariengan, kopilotuengan eta zaleengan nabaritu egin da motor hotsak berriz entzuteko eta abiaduraren adrenalina sentitzeko gogo hori.

Probak, aurten, berezitasunak izan ditu COVID-19agatik bizitzen ari garen egoera dela eta, eta esaterako, talde bakoitzak asistentziara hiru kide bakarrik eraman ahal izan ditu. Une oro, maskarak erabili behar izan dituzte parte-hartzaileek, auto barruan izan ezik, eta tenperatura ere hartu zaie, asistentziara sartzen ziren guztiei. Bestalde, antolatzaileek hala erabakita eta protokoloak jarraituz, ez da sari banaketa publikorik egin.

Eta errepideko kontuei dagokienez, lasterketa ederra bizi ahal izan dute zaleek Aramaion. Pare bat autok arazoren bat izan dute, eta horregatik apur bat atzeratu da lehenengo txanda, baina bestela, errepidean nabaritu egin da gidariek zituzten gogoak eta euren kontzentrazioa. Aipatu behar da, gainera, Debagoieneko gidari eta kopilotuen presentzia handia izan dela. Hala, garailea, Gorka Idigoras eskoriatzarrak eta Raul Perez aramaioarrak osatutako bikotea izan da. Bailaratik ere parte hartu dute besteak beste, Iñigo Errasti oñatiarra, Mikel Beretxinaga elgetarra, Gorka Urrutia eskoriatzarra, Monika Muñoz eta Naia Lasagabaster ama-alaba oñatiarrek osaturiko bikotea, Unai Jurado eskoriatzarra, Maider Usandizaga kopilotu oñatiarra, Iker Arizti gidari oñatiarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak