Aramaion, gasolina da birusarendako 'txertoa'

Xabier Urtzelai 2020ko ira. 11a, 15:15

Pandemia egoeran, Azpikoracing taldeko lagunak animatu egin dira rallysprintaren 19. edizioa antolatzera. Eta pilotuek erantzun egin dute, 52 automobil batuko dira-eta irteera puntuan; segurtasun neurriak zorroztu egingo dituzte.

Azpikoracing eskuderiako taldekideak animatu egin dira. Eta ez da gutxi: Euskal Herriko auto lasterketa asko eta asko COVID19agatik bertan behera geratu diren honetan, aramaioarrek aurrerapausoa ematea erabaki dute: "Taldekideak abuztuan Aian egin zuten mendiko sariko antolatzaileekin izan ziren berbetan, eta animatu egin gintuzten. Horrekin batera, Federazioa ere gurekin hartu-emanetan egon da, eta haiek ere lasterketarekin aurrera egiteko eskatu digute, jarritako segurtasun neurriak betetzeko modukoak direla esanda, eta halaxe egin dugu aurrera", dio Eneko Uribek.

Segurtasun neurri horiek betetzeak, baina, hainbat aldaketa ekarriko ditu zapatuko hitzordura begira. Ibarran kiroldegi ingurua bakarrik erabiliko da egiaztapenak egiteko, eta, beste urte batzuetan gertatu moduan, bihar lasterketetako autoak ez dituzte kalean bertan aparkatuko; hau da, autoen asistentziak, orain arte Pedro Inazio Barrutia kalean egiten zirenak, Errotabarri ingurura eramango dituzte. Publikoari itxita egongo dira gune horiek eta sari ematea ere ez da publikoa izango. Ez hori bakarrik, lasterketan zehar ikusleek neurriak betetzen dituztela ziurtatuko baitute Federazioko arduradunek –zaleek maskara jantzita izan beharko dute, eta pertsonen arteko distantzia zaindu egin beharko da– eta Ertzaintzarekin segurtasuna indartu egingo da, batez ere lasterketa hasi aurretik eta ostean.

Horrekin batera, Ibarran tabernariei laguntza eskainiko zaie, elkarlanean jende pilaketak eta arau-hausteak ekiditeko: "Beste neurri bat izan zitekeen tramu batetik besterako lotura saihesbidetik egitea, baina hor erabaki dugu autoek Ibarra zeharkatzea; entzun dadila, sikiera, motor hotsa herri gunean", dio Uribek.

52 automobil irteera puntuan

Pilotuak lasterketa gosez dira, eta baita zaleak ere: "Lasterketa gutxi egon dira aurten –Aramaiokoa izango da Debagoienean 2020an egingo duten bakarra–, baina antolatu dituzten apurrak oso arrakastatsuak izan dira. Aian, esaterako, oso maila oneko pilotuak batu ziren, eta auto ikusgarriak. Azken batean, urtebeteko lizentzia atera duen pilotuak lasterketetan parte hartu gura du, dirutza ordaindu duelako horretarako".

Iaz moduan, lasterketako irteera puntua Andramaixako bidegurutzean egongo da, eta Uribarrin bukatuko da, Hirubidetan. Hiru txanda izango dira, 15:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak