Aramaioko irakurle klub feminista urriaren 5ean jarriko da berriro ere martxan eta hilean behin elkartuko dira, hileko bigarren astelehenetan.
Literatura eta feminismoa
"Literatura onaz gozatuko dugu, eta, bide batez, begirada zabaldu, feminismoen historia ezagutu eta literatur tertulia atsegina partekatuko dugu", diote antolatzaileek. "Izan ere, ahalduntzeko pentsamendua eta inspirazioa pizten dizkigute nobelek, saiakerek eta iritzi artikuluek, literatura arloko koordinatzaile adituek gidatuta", gaineratu dute.
Irakurle kluba hilabetean behin bi orduz elkartuko da. Euskarazko taldekoak Aramaion elkartuko dira –parte-hartzaileek eurek erabaki dezakete beste nonbaiten geratzea–. "Elkarrengana gehiago hurbiltzeko eta elkar hobeto ezagutzeko modua ere bada", diote oharrean.
Gaztelerazko taldeak zer egingo duen zehazteke dago oraindik.
Izena emateko aukera
Izena emateko aukera zabalik dago –plazak bete arte–. Interesa duenak 680 33 78 70 telefonora deitu edo berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidera idatzi beharko du. Saioak presentzialak izango dira egoerak ahalbidetzen duen heinean.
Urriaren 5ean hasiko da
Euskarazko klubaren lehenengo saioa urriaren 5ean izango da, 18:00etan Aramaioko kultura etxean. Hilabetean behin elkartuko dira, hilabeteko bigarren astelehenean.