Parte hartzaileek salatu dute, neurri horiek, "isolamendua, beldurra, mesfidantza, barne-gatazkak..." eragiten dituztela eta "haurtzaroan kontaktua, konfiantza, alaitasuna, lagun hurkoaren irribarrea... egoki eta osasuntsu hazteko oso garrantzitsuak" direla.
Martxan batutako herritarrek diote, neurri horiek "bertan behera uzten dutela Euskal Herrian hainbeste urtez kalitatezko hezkuntzaren alde egindako lana". Eta erantsi dute, "hezkuntzaren oinarrien eta hezitzaileen printzipioen kontrakoak direla erabat". Gainera, diote: "Kontutan hartuta COVID-19ak apenas duela eraginik neska-mutikoengan, egokiagoa litzateke pertsona zaurgarriak edo ahulak babestea eta neska mutikoei haurtzaro osasuntsua eskaintzea".
Hezkuntza sailera idatzia
Gaur martxa egiteaz gain, idatzi bat ere prestatu dute Hezkuntza Sailera helarazteko, eta sinadurak batzen ibili dira. Bertan, hainbat puntu zehaztu dituzte. Lehenengoak musukoa erabiltzearekin eta eskuak behin eta berriz garbitu behar izatearekin du zerikusia eta salatzen dute, "haurraren/nerabearen osotasun fisikoari eragiten" diotela neurriek. Ez hori bakarrik, distantzia sozialak ere "haurraren/nerabearen osasun emozionalari eraso egiten" diola ere nabarmentzen baitute, eta "besteei beldurra izateak osasun psikologikoaren aurka" egiten duela. Hala, hartutako neurriak bertan behera utz ditzatela eskatu dute.