Flamenkoa gustuko dutenek hitzordu berezia izango dute gaur. Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzari gasteiztarrak La Pulga eta lagunak ikuskizuna eskainiko du parkean, Udaramaio ekimenaren barruan. "Flamenko tradizionala eskainiko dugu", azaldu du La Pulga-k, eta gaineratu du hiruko formatuan arituko direla: gitarrista, abeslaria eta dantzaria.
"Aramaioarrak animatu nahi ditut ikuskizunera, disfrutatuko dute eta. Euskal Herrian gero eta flamenko eskaintza handiagoa dago, eta, nahiz eta ohituta ez egon musika estilo honetara, dantzatu dudan ia toki guztietan ikusleak aurreratu egiten dira eta hunkitu egiten dira egiten dugunarekin", dio Etxebarrietak. Izan ere, dantzariaren esanetan, flamenkoa emozioa eta pasioa dira, bihotzetara iristen den artea.
Egitaraua
- Irailaren 11n, Trikikalejira trikitixa eskolako kontzertua.
- Irailaren 18an, Idoia Asurmendi.
- Irailaren 25ean, Geraldine bossa nova hirukotea.
Emanaldiak 19:30ean izango dira, eta eguraldi txarra egingo balu, kultura etxean izango lirateke. Bestalde, egoerak eskatzen duen segurtasun neurriak bete beharko dira eta edukiera mugatua izango dute emanaldiek.