Hilabeteren ondoren, oletarrek badute berriro ere ur edangarria euren etxeetan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko ira. 4a, 08:14

Argazkia: unsplash.com

Abuztu hasieran, Oletako batzar administratiboari ur edangarria ematen dion sistema guztia lapurtu zuten; bai ura edangarri bihurtzen duen sistema eta baita horri argindarra ematen zion energia-sorgailua ere. Bada, hilabeteren ondoren konpondu dute arazoa eta oletarrek berriro ere dute ur edangarria etxean. Lapurtutakoa 18.316,98 eurotan baloratu du Hidrocontrol enpresak.

Lapurreta gertatu eta berehala ura bideratu zen auzoko etxeetara, nahiz eta edangarria ez izan. Lierni Altuna alkateak azaldu du abuztua izanda, eta koronabirusaren kontuarekin "asko atzeratu" dela konponketa; hala, aurreko astean ura edangarri bihurtzen duen makina –6.746,96 euro– berri bat jarri zuten eta legeak ezartzen dituen osasun analisi eta froga guztiak egin eta ondo pasa ostean oletarrek badute ur edangarria etxean.

Alokatutako energia-sorgailua

"Momentu honetan alokatutako energia-sorgailu batekin dabil martxan baina asmoa da berriro lapurretak eta honek sortzen dituen arazoak ekiditeko, argindarra kablez eramatea bertara", azaldu du Altunak. Horrek "gastu handia" suposatuko luke –10.091,5 euro argindar kableak eramatea + 33.345,18 euro obra zibila– : "Baina aukera onena dela ikusi da hurrengo horrelakorik gertatzekotan kalteak askoz ere azkarrago konpondu ahal izango direlako eta lapurretak ekidin ditzake azken finean garestiena edota lapurgarriena argindar generadorea bera delako. Horrez gain, zerbitzua bera hobetzen da horrela".

Ez usteko arazo potolo honek oletarrak hilabete ur edangarri gabe edukitzea ekarri du, aipatutako gastuaz aparte. "Udalak asko sentitzen du sortu diren eragozpenak eta ahal izan duen azkarren jarri du berriro baldintza onetan ur sarea".

Gastua soberakinetik bideratuko da

Lapurretaren berri izan eta berehala salaketa jarri zuen Udalak. Gastuari dagokionez soberakinetik bideratuko da eta seguruarekin eta Foru Aldundiarekin harremanetan dago Udala gastuari aurre egiteko dirua lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak