Aramaioko plazatik irteten den Ibargoia kaletik jarraituko dugu. Poliki poliki gorantz joanda, herritik irteten joango gara, eta behin irtenda, bidegurutze bat aurkituko dugu eta eskumara joko dugu. Laster, errebuelta itxi batean, zuzen jarraituko dugu han sortzen den pista jarraituz, eta pista jarraituko dugu, Mendiola baserrira heldu arte. Baserri parean gure ezkerretik sortzen den pistatik jarraituko dugu. Zuzen jarraituta Ametsua baserrira helduko ginateke (Iturria), eta Ametsua pasatu ondoren ezkerrerantz irteten den pista jarraituz Mendiola baserritik irteten den pistarekin bat egingo genuke, beraz bi aukera daukagu.
Tellamendi ostean dagoen baso magikoan murgilduko dira mendizaleak.
Pista hau gorantz jarraituta, beti printzipaletik eta bidegurutzetan ezkerraldera eginez, Larribil txabolara iritsiko gara, eta bidean iturri bat topatuko dugu. Larribil aurrean poste adierazleak daude. Guk txabola gainetik doan bide zabaletik jarraituko dugu, Zabalandi aldera doana. Bide hau jarraituta, Tellamendi ostean dagoen baso magikoan murgilduko gara. Bidea jarraituko dugu ezkerraldetik sortzen den bidexka bat ikusi arte. Orain bidea utzi eta bidexka hori jarraituko dugu Lurgorri eta Tellamendi artean dagoen lepoa harrapatu arte. Lepoaren ondoan pista bat dago eta hori jarraituko dugu Tellamendi aldera. 200 bat metro egin eta berriz ezkerraldetik sortzen den bidexka hartuko dugu, pista utziz. Bidexka honek tontorrera zuzen eramango gaitu.
Paisaia ederrak ikusgai
Ondo kokatuta dagoen tontorra da Tellamendikoa, izan ere, bertatik Anboto, Izpizte, Orixol, eta Udalaitz bezalako tontorrak ikusteko aukera daukagu, paisaia ederrak ditugu.
Tontorretik bertatik sortzen den eta Zabalandi eta Anboto aldera doan bidexka jarraituko da.
Zerbait jan ondoren, tontorretik bertatik sortzen den bidexka jarraituko dugu, Zabalandi eta Anboto aldera doana. 600 bat metro egin ondoren Ipiztegarriaga lepora helduko gara. Han, daukagun norabidea utzi eta ezkerretara Aramaio aldera doan pista hartuko dugu. Laster eskuma aldean Iturrigorri txabola utzita, beherantz jarraituko dugu, beti pista printzipaletik. Bidegurutzera iristean, ezkerraldera –90°– jarraituko dugu. Maskaino baserriarekin topo egingo dugu. Han hasten den errepidea hartuko dugu, Ibabe baserria ezkerrean geldituko zaigularik. Andramari elizarekin topo egingo dugu, eta errepidea zeharkatuz bide bat sortzen da.
Handik joanda Aramaioko Ibargoia kaleko goiko aldean dagoen bidegurutzera helduko gara, –igoeran bertatik pasatu gara–, ezkerraldetik hartuko dugu eta jarraitu herriko plazara heldu arte.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 9,14 km.
• Iraupena: 3 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zirkularra.
• Seinaleztatuta: Ez.
• Bide mota: Mendi pistak eta bidexkak.