Herriko hiru abeslariren ahotsaz gozatzeko aukera egongo da gaur parkean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 29a, 10:00

Folk, soul, jazz... eta bestelako doinuak entzuteko aukera egongo da gaur Aramaioko parkean, 19:30ean. Zuzenean arituko dira Idoia eta Bea Asurmendi eta Maria Izaga. Herriko musikarian ahots goxoak herritarren gozamenerako.

Idoia Asurmendik, Maria Izagak eta Bea Asurmendik emanaldia eskainiko dute, eguaztenean, 19:30ean, parkean. "Hirurok elkarrekin abestuko dugu. Abesti batzuetan batek abestu egingo du eta beste biek koruak egingo dituzte, adibidez", azaldu du Bea Asurmendik.

Erreferente diren musikariak

Nabarmendu du bertsioak abestuko dituztela, "gustuko" dituzten abestiak: "Denetik egongo da. Idoiak folk eta country musika du gustuko; Mariak soulera jotzen du; eta ni jazzarekin nabil azkenaldian". Euskarazko abestiak ere eskainiko dituzte, jendearentzat ezagunak direnak: "Baina, batez ere, guri gustatzen zaigun musika izango da. Guretzat erreferente direnak".

Hiru abeslariak Papargorri abesbatzatik datoz: "Elkarrekin ibilitakoak gara Papargorrin". Aramaioko abeslarien mailaz galdetuta, Asurmendik dio ez dakiela nondik etor daitekeen zaletasun hori: "Egia da izugurrizko zaletasuna dagoela. Abesbatza ere badugu, baina ez dakit nondik datorren zaletasun hau". Musikarekiko zaletasunak iraun dezala Aramaion.

Bea Azurmendi: Londresen zazpi urte

Irailean zazpi urte beteko ditu Londresen bizi izaten Bea Asurmendik. Musika ikasketak egitera joan zen eta han jarraitzen du ibilbidea egiten. Goienak elkarrizketa egin dio.

Nolako egoera bizi duzue han?

Emanaldi guztiak bertan behera geratu zaizkigu, eta martxoaz geroztik agertoki batera igo gabe nago. Uste dut lehenengo aldia dela horrenbeste denbora egiten dudana emanaldirik eskaini gabe.

Guildhall musika eskolan master bat hasiko duzu.

Irailean hasiko dut. Abenduan egin nuen azterketa eta aukeratua izan nintzen.

Zer eskainiko dizu masterrak?

Musika munduan hazteko balioko dit. Kantu teknikaz gain, konposatzen ikasteko balioko dit.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak