Auzo taxi zerbitzua indartu gura du Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 24a, 08:09
Mikel Bengoa gidaria, autobusaren ondoan.

Arabako Foru Aldundiak sustatzen duen eskualdeko garraioa indartu egin dute Aramaion, Udalak hala eskatuta. Ibarra eta auzoak komunikatzeko balio du zerbitzuak eta erabiltzeko derrigorrez egin behar da eskaera aurreko egunean.

Udalak hainbat eskaera egin dizkio Aldundiari, eta adostu dute auzo-taxi deritzon zerbitzua baserrietaraino iristea

Udalak hainbat eskaera egin dizkio Aldundiari, eta adostu dute auzo-taxi deritzon zerbitzua baserrietaraino iristea; hau da, norbere etxeko ateraino, nahiz eta orain arte ere, Mikel Bengoa gidariak hala eskatzen ziotenetan hori egin izan duen. Ibarra eta auzoak komunikatzeko balio du zerbitzuak eta erabiltzeko derrigorrez egin behar da eskaera aurreko egunean. "Ez da zerbitzu berria, badira urte batzuk zerbitzua martxan dagoela. Gertatzen dena da Aramaion ez dagoela ohiturarik zerbitzua erabiltzeko. Arabako beste herri batzuetan asko erabiltzen da, esaterako", dio Cristina Etxenausia zinegotziak. Aramaion auzo txiki asko eta baserri asko daudelako hobetu gura dute. "Horregatik adostu dugu zerbitzuan hobekuntza hori", dio.

Nola egin eskaerak

Erreserba, gutxienez, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen egin behar da

Zerbitzua erabiltzeko derrigorra da eskaera egitea. Bi modu daude horretarako: www.araba.eus/alavabus atariaren bitartez edo ondoko telefono zenbakira deituta: 945 18 20 60. Erreserba, gutxienez, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen egin behar da. Taxiak zerbitzua eskainiko du egunero. "Medikuarenera joateko, erosketak egitera joateko, kafetxo bat hartzera jaisteko... berdin da zertarako erabili nahi duzun. Gainera, orain, aukera dago eskaerak epe jakin baterako egiteko; hau da, jakinez gero aste osoan 10:00etan hartu behar dudala taxia, eskaera behin egin dezaket, aste osorako; edo jakinez gero hilabete batean astelehenero jaitsi behar dudala Ibarrara, eskaera bakarra egin dezaket, astero deitzen ibili beharrean", azaldu du Etxenausiak.

Eskaera egiterakoan telefono zenbakia erregistratu behar da: telefonoan erreferentzia zenbakia jasoko du erabiltzaileak. Kasu batzuetan gidariarekin adostu beharko da ordua, hark duen lan kargaren arabera.

Ordainketa taxian bertan

Ordainketa taxi gidariari, Mikel Bengoari, egingo zaio. Bat txartel bereziarekin –1,30 euro–, Bat txartelarekin –1,70 euro– edo eskura emanda –2,50 euro– ordain daiteke zerbitzua.

Auzo-taxiarekin Ibarra jaitsiz gero, aukera dago Arrasatera edo Gasteizera doazen autobusak hartzeko: "Asmoa da familiek duten karga arintzea. Hau da, pertsona nagusiak aurrera eta atzera eramaten ez ibiltzea; edo gurasoak ez ibiltzea seme-alaba gaztetxoak etxetik kalera jaisten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak