Nhil taldeak pop eta funk doinuak ekarriko ditu parkera

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 24a, 07:48

Musikarien eta abeslarien harrobi bikaina da Aramaio. Horren erakusle izango da gaur Nhil taldeak eskainiko duen emanaldia. Sara Alonso aramaioarraren ahotsaz gozatzeko aukera egongo da, parkean, 19:30ean.

Gaur, barikua, Nhil musika taldeak kontzertua eskainiko du parkean, 19:30ean. Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Aramaioko musikariek osatzen duten taldean Sara Alonso aramaioarra dago. Pianoa jotzeaz gain, ahotsa jartzen dio Alonsok taldeari.

'Aztarnak' diskoa

Diskoak batzen ditu eurek egindako sei abesti eta Berri Txarrak taldearen Maravillas abestiaren bertsioa

"Aurkeztuko dugu martxoaren 6an argitaratu genuen Aztarnak diskoa. Gure lehenengo lana da eta ordutik ez dugu izan aukera askorik jendearen aurrean erakusteko", azaldu du Alonsok. Diskoak batzen ditu eurek egindako sei abesti eta Berri Txarrak taldearen Maravillas abestiaren bertsioa.

Pop eta funk estiloko musika

"Gu izango gara", dio emanaldian eskainiko dutenaz galdetuta, eta gehitu du: "Pop eta funk estiloa izango da, eta, horrez gain, bertsioren bat ere eskainiko dugu, baina ez dut askorik aurreratu gura". Uztailean Aretxabaletan eskaini zuten emanaldia, eta, hurrengo asteari begira, Arrasaten izango dute emanaldia, martitzenean, Santa Teresa plazan, Musakolan. 

Uztaileko lehenengo asteburuan Aramaion eskaini zuten kontzertuarekin alderatuta ezberdina izango da gaurkoa: "Zerbait ezberdina erakutsi gura genuen, eta formatu akustikoan eskaini genuen emanaldia bikote formatuan". Musika zaletasun moduan duten arren, serio hartzen duten jarduna dela gehitu du Alonsok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak