Arabako paraje ederretan: Marixeka eta Albina artean

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 23a, 15:50

Anboto, Orixol, Ipizte eta Udalatx tontorrak. Argazkia: Mikel Otero

Aramaiori Suitza txikia zergatik deitzen dioten argitzea ez da zaila. Izan ere, sekulako paisaiak dituzte; eta, horretarako Albinatik Marixekarara egin daitekeen ibilbide zirkularra egitea besterik ez dago.

Albina urtegiaren parean dagoen parking bakarrean utziko dugu autoa. Errepidea zeharkatu eta Kruzeta aldera egingo dugu, erromara batekin topo egin arte. Erromara zeharkatu eta bertan jaiotzen den bidetik eskuinaldera egingo dugu. Jarindora begira dagoen bide hori jarraituko dugu, bidegurutze nabarmen batekin topo egin arte. Han, ezkerrekotik joango gara. Pista hori jarraituko dugu 500 metro inguru, ezkerraldean ehiza postu bat agertu arte. Pista utzi eta ehiza postu aldera joango gara. Parean gaudela, bidexka bat ikusiko dugu, zuzen gorantz doana. Bidexka horretatik jarraituko dugu, lehen utzitako pistarekin topo egin arte. Pista zeharkatuko dugu eta zuzen gorantz jarraituko dugu.

Gero, basoan sartuko gara, eta bidea erdi galtzen da. Zuzen joango gara. Momentu batean, mugarri baten ondoan bidea nabarituko dugu zuzen doala, baina guk mugarri horren parean bidea utzi eta baso barnean jarraituz ezkerraldera egingo dugu, beti gandorra jarraitzen. Ia goian gaudenean, pagoak pinudi bihurtzen dira eta aldapa baretu egiten da. Zuzen jarraituko dugu, pinudia bukatu arte, eta zelai batean sartuko gara, gure parean tontorra ikusi arte. Tontorretik, Gorbeia, Anboto, Udalatx, Kurtzebarri, eta abar ikusten dira.

Beheranzkoan, erpin geodesiko bat pasatu, eta gure azpian Albertia aldera doan pista bat ikusiko dugu. Hori hartuko dugu, berehala pinudi batekin topo eginez. Bidea eskumara doa, baina parean erromara bat dago. Erromara zeharkatu eta pinudi barnean sartuko gara. Apenas ikusten da biderik, baina zuzen jarraituko dugu norabide berean eta berehala agertuko zaigu bide zabal bat. Hori jarraitu eta eskumatik hasieran gutxi ikusten den bide bat hartu behar dugu –90 gradu biratuz–. Hainbat errebueltaren ostean, ia Albina urtegiraino doan bidea jarraituko dugu. Urtegira heldu aurretik, zuzen jarraituko dugu bide hori utziz. Goraka goaz bide zabal berri horretatik, eta bidegurutzean ezkerrekotik jarraituko dugu, Albina aldera. Urtegia inguratzen duen bidera irtengo gara. Hiru kilometro egin eta hasierako bidegurutzea agertuko zaigu, eta hortik Marixekara joango gara.

FITXA TEKNIKOA:

• Distantzia: 10,92 km.

• Iraupena: 3 ordu inguru.

• Zailtasuna: Erraza.

• Ibilbidea: Zirkularra.

• Seinaleztatuta: Ez.

• Bide mota: Basoko pistak eta bidexkak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak