Udalekuak eta Gazte Uda bertan behera geratu dira

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 20a, 07:44

Aramaioko Udalak bertan behera utzi ditu uztailean zehar egiten dabiltzan udaleku irekiak, eta baita 12 eta 16 urte bitartekoei zuzendutako Gazte Uda eskaintza ere.

Ohar bitartez azaldu du Aramaioko Udalak erabakia Osasun Sailaren aginduak jarraituz hartu dutela. "Asteburuan eta komunikazio ofizial edo adostu gabeko baten bidez jakin dugu udal udalekuak bertan behera geratu behar direla Osasun Sailak horrela esanda. Berriro ere goitik behera, gauzen kudeaketa legal zein humanoa kontuan izan gabe etorri zaigun agindu bat da", diote oharrean.

"Lehenengo eta behin, udal bezala adierazi nahi dugu gauzak horrela ezin direla kudeatu, ezin da komunikabideetan mezu bat zabaldu udalen eskumenak diren gauzen inguruan udalei komunikatu gabe. Gainera beste behin ere asteburuan eta guztiontzako berdin", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Ardura soziala

Udal ordezkariek "ardura sozialetik" lan egitea erabaki dutela diote, eta udalekuak eta Gazte Uda zerbitzua bertan behera uztea erabaki dutela gehitu dute: "Honen aurrean, asteburuan bertan gure artean ahal izan dugun bezala, kudeaketa on eta zentzuzko batentzako tarterik gabe, eta beste behin ere inprobisatzen eta jakinda familien kontziliazio eta behar emozionalak airean geratu direla, ardura sozialetik udalekuak bertan behera uztea erabaki dugu. Sentitzen dugu begirale, ume, familia eta kaltetu guztiengatik; denboraz jakin izan bagenu, asteburutik kanpo, eta gomendio bat dela jakinez gero, beste era batean kudeatu genuke hau, gutxienez familiekin adosten ahaleginduko ginateke, jakiteko zer egin gomendio honen aurrean".

Hurrengo egunetan argituko dute egin gabe geratu diren ekintzekin zer egingo duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak