Aramaiok Guardia hartuko du herriartekoan, bihar, zapatua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 17a, 07:25

Txapelketako final-laurdenetako kanporaketa izango da. Bihar, zapatua, jokatuko dituzte partiduak, Aramaioko frontoian, 18:30ean hasita. Nahiz eta aurkari gogorra egokitu, kanporaketa irabazi eta finalerdietara sartzeko gogotsu daude.

Aramaioko pilotariak Arabako Herriarteko Txapelketako final-laurdenak jokatuko dituzte bihar, zapatua, 18:30ean hasita, Guardiaren aurka. Uztail hasieran hasi zuten txapelketa: zazpi talde lehiatu dira, bi taldetan banatuta. Hala, Aramaiok B multzoa osatu du Amurriorekin, Laudiorekin eta Agurainekin batera. Ligaxkako lehenengo hiru jardunaldiak jokatu ostean, hirugarren postuan sailkatu da Aramaio. Orain, txapelketako final-laurdena jokatuko beharko du A taldeko bigarren sailkatuaren aurka: Guardia.

Aurkari gogorra

Biharko partiduan ez dute nolanahiko aurkaria izango aramaioarrek: Guardia 2019ko txapelduna da. "Aurkari gogorra da, baina nik uste dut kanporaketa berdintsua izango dela. Baditugu irabazteko aukerak eta finalerdietara pasatzeko aukera", azaldu du pilota elkarteko zuzendaritzako kide Heriberto Arriolabengoak. Gogora ekarri du, gainera, Aramaiori talde gogorrena egokitu zaiola: Amurriorekin eta Laudiorekin.

Hiru maila, hiru lehia

Kadete mailako, gazte mailako eta senior mailako partiduak jokatuko dituzte. Kanporaketa irabazten duenak finalerdiak jokatuko ditu uztailaren 25ean, Santiago egunean. Finala, aldiz, uztailaren 31n izango da, San Inazio Egunean, Aretan. Arabako Herriartekoa udaberrian jokatu ohi da, baina aurtengo egoera bereziak uztailera atzeratu du txapelketa. Nabarmendu behar da 50. edizioa dela aurtengo txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak