Arabako Aldundiak diru gutxiago izango du Arabako herrien artean banatzeko. Hau da, herriek Aldundiko diru-funtsetik jasotzen duten diru partida murriztu egin da: 57 bat milioi gutxiago izango ditu Aldundiak 51 herrien artean banatzeko.
Diru-bilketa murriztu egin da
Aramaioko kasuan, %24,8ko jaitsiera izango da. Urte hasieran aurreikusitako 865.454,67 euroak jaso beharrean, 650.493,63 euro jasoko ditu Aramaiok. "Urte hasieran, Fofelek aurreikuspena egiten du. Gertatzen dena da koronabirusa dela-eta asko jaitsi dela ekonomia guztia. Orain, aurreikuspen berria egin dute eta uste zena baino %25 gutxiago izango dugu", azaldu du Lierni Altuna alkateak. Urteko lehenengo lau hilabetekoan Aldundiak izan duen diru-bilketa %12,3 txikiagoa izan da; eta, aurreikuspenen arabera, urte amaierako jaitsiera %22koa izango da.
Ez da aldaketarik egingo aurrekontuan
Aramaiok izango duen jaitsiera hori nola bideratu erabakitzeko, Ogasun batzordearen bilera egin zuten joan den astean: "Zorionez, ez daukagu zorrik eta egoera ekonomikoa ona da. Guk lehentasunak ezartzen ditugu urtero, arlo guztietan, eta beti dago zertan inbertitu". Ze gastu kontrola dezaketen begiratu zuten: "Erabaki dugu ez dugula aldaketarik egingo aurrekontuan; hala ere, murrizketa batzuk egingo ditugu partida batzuetan". Iazko likidazioa, esaterako, positiboa izan zela nabarmendu behar da.