Oholtzapetik egitasmoko laugarren jardunaldia jokatu zuten barikuan, Maeztun. Manex Agirre, Manu Bendala, Xabi Igoa eta Rikardo Gonzalez de Durana ibili ziren bertsotan. Agurrak kantatu aurretik heldu zen ikuslearen epaia, bertsolari bakoitzari txalo zaparrada eskaintzeko unea. Entzuleek erabaki zuten Xabi Igoa izan zela nagusi.
Finala, Araian
Uztailaren 17an, Araiako kaleko frontoian izango da finala, 20:00etan. Finalean kantatuko dute Xabi Igoak, Felipe Zelaietak, Peru Abarrategik eta Oihane Pereak. Bi aramaioar izango dira finalean, hortaz.
Segurtasun neurriak
Arabako Bertsozale Elkarteak eta tokian tokiko Udalek entzuleen osasun eta segurtasuna bermatuko dituen neurriak hartuko dituzte. Saioaren eremura denboraz joateko eskatu diete entzuleei. Gainera, derrigorrezkoa izango da maskara jarrita izatea eremuan sartu eta irteteko, metro eta erdiko distantzia mantentzerik ez bada.
Saioak irauten duen bitartean jarlekuetan maskara gabe egon daitekeela gehitu dute. Eserlekuak banakakoak edo binakakoak izango dira eta 1,5 metrotako distantziara lekutuak egongo dira; horiek, saioaren aurretik eta ostean garbitu eta desinfektatuko dira.