Egoera berrira egokitu ahal izateko entsegu lokal berria

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 10a, 11:00
Argazkia: Omar Grana.

Los Clayton, Xementerio, El Exterminio de la Raza del Mono, Balarrasa eta Narak taldeek Sastiñan entseatzen dute.

Ermita izatetik areto izatera pasa zen Sastiña; eta orain, entsegu lokala da. Bost musika taldek entseatzen dute han: Los Clayton, Xementerio, El Exterminio de la Raza del Mono, Balarrasa eta Narak. Orain arte erabiltzen zuten lokala egokia ez dela ikusita, Udalak Sastiña utzi die entseguetarako. "Lokalak konponketa beharrak izatez gain, kontua da egoera honetan ez dugula egoki ikusten han entseatzea. Baina musika beharrezkoa ikusten dugu, taldeak egotea eta eurei lagundu behar diegu, ahal den heinean. Uda partean Sastiña ez da erabiltzen; gainera, egoera honetan ekintzak aire zabalean egitea da asmoa, jende gehiago egon dadin; izan ere, Sastiñak edukiera oso txikia du. Horregatik eskaini diegu Sastiña, eurei ere bide emateko", dio Lierni Altuna alkateak.

Alarma egoera ezarri zenetik behar den moduko entsegurik egin barik egon dira musika taldeak. "Ikusten genuen jendea tabernetan bazebilela; hortaz, zergatik ez genuen guk ere entseatuko?", dio Balarrasa taldeko abeslari Omar Granak. "Koronabirusak beharleku asko eman digu denei; eta beharrezko eta ezinbesteko diren gauza horiek ere izan daitezke elkartzea, musika, sorkuntza... Zorionez, herrian badaude talde batzuk. Bide eman behar diegu eta lagundu egin behar diegu, gure esku dagoen heinean", dio alkateak.

Higiene neurri batzuk

Sastiñan dauden bitartean, segurtasun eta higiene neurri zehatz batzuk bete beharko dituzte: "Aldiro talde bakarrak entseatuko du eta entseguen artean ordu erdiko tartea egon beharko da, gutxienez. Tarte horretan, materiala desinfekta-tu beharko dugu". Udalak gel hidroalkoholikoa utzi die, higiene neurriak har ditzaten.

Euren ibilbidean etenaldia

Geldialdiak eragin handia izan du musika taldeetan. Martxo erdialdetik entsegu barik egoteaz gain, uda partean ez dute emanaldirik izango: "Hitzartuta genituen kontzertuak bertan behera geratu dira... Gainera, gure asmoa zen lokalean kontzertu batzuk ematea, dirua lortzeko". Balarrasa taldeak urrian grabatutako diskoa oraindik ez du zaleen aurrean estreinatu. Hala ere, Granak dio "gogotsu" daudela entseatzen jarraitzeko. Aramaion bertan kontzertu bat egitekoak dira hainbat talde, aire librean izango dena. Eguraldiak baldintzatuko du eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak