Uztailaren 12an, etzi, egingo dituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 1.150 aramaioar daude botoa ematera deituta. Osasun egoerak baldintzatuta, hainbat aldaketa egingo dituzte eskolarako sartu-irtenetan. Hala ere, betiko moduan, eskolako jangelan egongo dira hauteskunde mahaiak.
Mahai bakoitzeko boto-emaile bakarra
Orain arte sartu eta irten ate berberetik egiten bazen ere, etzi, bi ate erabiliko dituzte horretarako. Botoa ematera doana jangelako sarreratik sartu beharko da; eta, behin botoa emanda, beste atetik irten beharko da, komunetako irteeratik. Sarrera zaintzen pertsona bat egongo da, eta, modu horretan, jende pilaketak saihestuko dira. Izan ere, mahai bakoitzeko boto-emaile bakarra egongo da. Betiko moduan, bi mahai egongo dira eskolan.