Uztail osorako prestatuko kultur agendaren barruan zenbait ekintza egingo dituzte gaur, uztailaren 6an. Azkeneko urteetan ohiko bilakatu den jaioberrien ongietorria egingo dute, batetik. Hori izango da 20:00etan, kanpoko fronton: "Azkeneko urtean jaiotakoak 10 ume dira. Ongietorria egingo zaie", dio Ana Martiarena zinegotziak. Ekitaldi horren ondoren, Tio Teronen Semeak dantza taldearen ikuskizuna hasiko da, 20:30ean. Jesarrita ikusteko emanaldia izango da: "Ikusleen arteko distantzia bermatuko da, arauak dioen bezala. Hori horrela, ez da derrigorra izango musukoa jantzita eramatea une oro; nahiz eta musukoa beti gainean eraman behar den". Tiro Teronen Semeak dantza taldeak euskal dantzak eta umorea nahasten ditu; izan ere, bi gauza horiek partekatzen dituzte: dantzatzeko pasioa eta umorea.
Goienak saioa berezia eskainiko du
Jairik ospatuko ez den arren, Goiena telebistak aramaioarrekin egon gura du egun berezi hauetan. Hala, gaur, astelehenean, saio berezia eskainiko du Goienak Aramaiotik bertatik. Hemen Debagoiena berezia izango da, Miren Arregi kazetariak gidatuko duena. 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan eskainiko da saioa. Etxeetan jaiez beste modu baten gozatzeko modua izango da. Aramaioko sanmartinetan erreferentziazko diren ekitaldien nondik norakoak azalduko dituzte, eta jaietako saltsa guztietan sartuta egon ohi diren herritarrekin egoteko aukera izango du Arregik. Horrez gain, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera paregabea egongo da gaurko saio berezian.
Datorren urtean pentsatzen
Aurten pertsonen osasuna lehenetsita, datorren urtekoak emango duenaren esperoan geratu dira Aramaion: "Datorren urtean ere jaiak hor egongo dira. Gainera, gogo handiagoarekin hartuko ditugu", azaldu du Martiarena zinegotziak.