"Esparru guztietan" erabakitzeko aldarria Aramaion

Oihana Elortza 2020ko eka. 7a, 18:46

Nork bere aldarria eramanda, mosaikoa osatu dute Aramaion 'Hamaika Gara' ekimenaren barruan. Naturaren, zaintzaren eta bizitzaren aldeko aldarriak jaso dituzte, esaterako.

'Hamaika Gara' ekimenak deituta egin dute ekintza gaur goizean zehar Aramaion. Plazan, udaletxeko arkupetan, jarri dute informazio mahaia, produktuak saltzekoa eta aldarrikapenak idazteko tokia eta 14:00etan osatu dute mosaikoa. "Konfinamenduak eten egin du nolabait gure jarduna, udazkenera pasa ditugu orain egin gura genituen ekintzak. Baina erakutsi nahi genion jendeari ez gaudela geldi, bagabiltzala lanean", dio taldeko Nuria Fernandez de Arroiabek. "Guk erabaki gura dugu esparru guztietan, eta horixe aldarrikatu gura izan dugu gaur", gaineratu du.

Herritarrek, naturaren, zaintzaren eta bizitzaren aldeko aldarrikapenak, AHTaren dirua osasunera bideratzekoak edo litxarreriak egunero jateko eskaerak idatzi dituzte kartoietan, besteak beste.

Gure Esku-k martxoaren 11n abiatu zuen 'Hamaika Gara' ekimena erreferendumaren aldeko sinadura bilketarekin. Modu presentzialean etenda egon arren, webgunean sartuta sinatu daitekeela gogora arazi du Fernandez de Arroiabek, eta "babesa" behar dutela gehitu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak