Izenbakuek taldea Arabako Bertso Kuadrilla Arteko finalera sailkatu da

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 8a, 15:49

Aramaioko Izenbakuek eta Zalduondoko Lautadako ahuntzak taldeak nor baino nor gehiago jardun zuten atzo, martxoak 7, Arabako Bertso Kuadrilla arteko bigarren finalaurrekoan. Aramaioko udaletxean jokatutako saioan etxekoak gehiago izan ziren eta finalerako sailkatu dira.

Manex Agirrek, Peru Abarrategik, Andere Arriolabengoak eta Danel Herrartek jardun zuten bertsotan Izenbakuak taldean eta Lautadako ahuntzetan, ostera, Oihane Perea, Markel Yoller, Aitor Najera eta Irati Anda bertsolariek. Umore handiko saioa eskaini zuten eta entzuleek ezin gusturago jarraitu zituzten botatako bertsoak: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka...

Konde basoko iluek zapatuan du finalaurrekoa

Txapelketaren azken finalaurrekoa hurrengo zapatuan, martxoaren 14an, izango da, Amurrion. Aramaioko Konde basoko iluek taldeak Gasteizko Errexala izango du aurrean, eta kanporaketa horretako irabazlea ere finalean izango da. Izan ere, finala hiru taldeen artean jokatuko da eta dagoeneko sailkatuta dago Gasteizko Sumendiola bete poto taldea.

Final hori, martxoaren 28an da, Murgian, eta egun osoko festa gertatuko dute. Eguerdian, parte hartu duten taldeak kantuan ibiliko dira tabernaz taberna, eta bazkal ostean jokatuko da finala. Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 edo idatzi araba.sustapena@bertsozale.eus helbidera. Finalerako sarrerak bertan jarriko dituzte salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak