Hurrengo zapatuan, hilak 22, izango da Aramaion Inauteri ospakizuna, eta bezperara arte dute aukera herritarrek mozorro lehiaketan izena eman ahal izateko –udaletxean–. Hain justu ere, ohi bezala, hori izango da egitarauko puntuetako bat.
Bazkalaurrekoa, beraz, bakoitzaren kontu joango da aurten, trikitilariek girotutako kaleji-rarik ezean. 14:30ean batuko dira gero, eskolako jangelan bazkaltzeko. 17:30ean ekingo diote eskolatik plazarako bideari, eta 18:00etan hasiko da mozorro lehiaketa –banaka edo taldeka, dirusariekin–, txokolatadarekin jarraitzeko, Alaiak jubilatu taldekoen eta Itur Zuriko emakumeen laguntzarekin.
Bazkarirako txartelak
Aratusteetako bazkarirako txartelak aurrez erosi behar dira. Martitzena, hilak 18, izango da horretarako azkeneko eguna. Udaletxean erosi behar dira txartelak, 09:00ak eta 14:30ak artean, eta helduen menurako 17 euro ordaindu beharko dira; 10 urtetik beherakoen otordurako, berriz, 10 euro.
Eskolako ospakizuna, martitzenean
Herriko festaren ostean, eskolan martitzenean, hilaren 25ean, ospatuko dituzte Aratusteak. Ohi bezala, gai bat aukeratu eta harekin lotutakoak izango dira talde guztien mozorroak, mailaz maila. Natura salbatzeko eginbeharra izango duten superheroiak izango dira, aurten, neska-mutikoak. 14:30ean abiatuko dira plazara, ikuskizuna egiteko han.
17:00etan, berriz, Inauteri tailerra egongo da ludotekan.