Txirritola euskara elkartearen ekimen irudimentsuak emandakoa kultura etxe sarreran jarri dute herritarren eskura; irudimentsua ekimena bera, desberdin eta berritzaile izateagatik, eta irudimena bertan parte hartu dutenek erakutsi dutena ere, zenbait kasutan, behintzat, istorio kurioso eta bereziak osatu baitituzte.
Zehazki, Asensioko eta Tellamendiko buzoietan utzitako koadernoetan osatu dituzte men-dizaleek hari bati jarraitzen dioten istorioak: Asensiokoan, izen bereko gizonarena, kostal-deko lagun arrantzale batekin elkartu eta hark itsasotik ateratako lapiko batek gordetzen zuen sorpresa kontatzen duena; Tellamendikoak, ostera, Xabi izeneko mutilari gertatutakoak, tontorrera iritsi eta ogitartekoko urdaiazpikoa eztarrian trabatuta bizi izandako komeriena.
Txirritolako lagunak gustura geratu dira ekimenak eman duenarekin: "Tellamendiko pun-tan eta Asension topatu genituenek nolabaiteko istorioa osatzen dute, eta nahikoa jarraipen mantentzen da esaldiz esaldi. Gero, tartean –mendiak hori ere badakar–, desioak, momen-tuko bizipenaren islak, hausnarketa txikiak... badira, baita ere, istorioaren lerro nagusitik aldentzen diren burutazioak edo dena delakoak. Hala ere, istorio itxura horri eusten diote bi koadernok, behintzat", dio Oihana Ameskuak.
Muruko eta Orixolgo koadernoetan jasotakoa "kaotikoagoa" izan dela dio: "Polita, hala ere; istorioaren hasiera bai, ikusten da, baina gero, bat-batekotasun horretan, jendeak mendiko bizipen horrek eraginda bururatu zaiona jarri du".
Behin mendizaleen ekarpenak jasota, horiekin sortutakoa herritarrei "bueltatzeko" ordua zen: "Ekimen xumea izan denez, xumetasunarekin jarraitu dugu, eta kultura etxeko iragarki tabloian jarri ditugu mendi tontorretako argazkiak, koadernoak –ikusteko nondik sortu den kontu hau dena– eta transkripzioak, Tellamendin eta Asension topatutakoen transkripzioak".
Eta horrela eman dute bukatutzat Hitzak mendietan izeneko ekimena; ekimenak jarraipena izango du, dena dela, baina hurrengo udazkenarekin izango da hori.
Hurrengo asmoak
Txirritolako kideek buruan dute hurrengo ekintza: "Beste herri batzuetan ere egin izan da: hozkailu bat jarri herriko zenbait lekutan, eta liburu batzuk sartu bertan; bertatik liburu bat hartu ahalko da, beste bat utzita".