Gaur hasiko da txotx denboraldia Iturrietan

Julen Iriondo 2020ko urt. 17a, 10:52

Sagar asko eta sano-sanoko urtea izan zen iazkoa, eta 20.000 litro sagardo egin dituzte Arragako sagardotegian. 19:30ean zabalduko dituzte kupelak, jatekoarekin eta txalapartari, trikitilari eta bertsolariekin; herritar oro gonbidatu dute irekierara.

Bertso eskolako bertsolariak, herriko txalapartariak eta Oñatiko trikitilariak izango dira 2020ko txotx denboraldiaren irekieran. Arabako sagardotegietako txotx irekiera Kuartangokoari zegokion aurten –atzo, eguena, egin zuten–, eta haren ostean dator Iturrietan ere kupeletik edateko aukera.

Arabako lau sagardogileen artean –Iturrietaz eta Kuartangokoaz gain, Trebiñukoa eta Mendibitzu, Aramaiokoa azken hau ere– 95.000 litro egin dituzte aurten, eta horietatik 20.000, herrian. Sagardo hori guztia zazpi kupeletan ondu dute Iturrietan, eta horietako lautatik edateko aukera egongo da, denak desberdinak: "Ez da berdina irail bukaeran sartutakoa izan, edo azaro erdi aldera –orduan jasotzen dira azken sagarrak–; beraz, sagar mota berdinak izanda ere, ez da sagardo berdina irteten", dio Iturrietako Juanjo Peciñak. 

"Azukre puntuan, heldutasunean..." egoten da aldea, eta, Peciñaren esanetan, hori da, hain justu, polita: "Kuadrilla batean beti dago bat gehiago gustatzen zaiona eta beste bat nahiago duena. Gainera, da produktu natural bat kupelean bilakaera izaten ari dena, eta kupel bereko sagardoak ere ez du zapore bera orain eta hemendik bi hilabetera".

Sagar urtea izan zen 2019a, eta Iturrietan aurreko urtean baino 750 litro sagardo gehiago  egin dituzte aurten, dena bertako sagarrarekin, gainera –aurreko urtean kanpotik ekarri behar izan zuten, etxean nahikoa ez zutelako; Euskal Herritik, hori bai, hori da-eta jatorri izendapenaren baldintzetako bat–. 40.000 sagar kilotik gora batu zuten iaz, "inoiz baino gehiago, eta oso sanoa, gainera".

Sagardoaren kalitateari dagokionez, Peciñak dio "oso ona" dela, hala berretsi duela eurekin diharduen enologoak ere; ohi baino graduazio txikiagoa du, eta "erraz edatekoa" omen da, horrenbestez. Maiatz erdi aldera arte egongo da Iturrietan sagardoa txotxetik edateko aukera; ondoren, botilaratu egingo dute geratzen dena.

Mendibitzu ere Iturrietan

Nobedade moduan, Mendibitzu –merkatuan dagoen Aramaioko beste sagardoa– Iturrietara batu da, eta aurten, lehen aldiz, Arragan egin dute Untzillako sagastietako sagarretatik eratorritako sagardoa ere. Beste ehunka batzuk sagarrondo gehiago, beraz, Iturrietako 1.300 inguruei batzeko. Honela, txotx denboraldia ixtean, bietako sagardoa etiketatuko dute Iturrietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak