"Euskararen erabilera jaitsi egin da herrian, eta eskolan ere igartzen dugu gutxiago erabiltzen dela, nahiz eta Aramaio hizkuntzaren arnasgune izan; horregatik planteatu dugu hausnarketa egitea", dio San Martin eskolako zuzendari Saioa Uriartek.
Eta, honela, eskolaren ekimenez baina herritar orori zuzenduta eta hainbat eragile eta elkartetako ordezkarien parte-hartzearekin egingo dute etziko mahai-ingurua –18:00etan, Sastiñan–, izenburuan erreferentzia eginez berriki aurkeztutako Arnasa Gara ekimenari eta aurtengo Euskaraldiari, haren leloa ere erabiliz.
Txema Abarrategi moderatzaile
Txema Abarrategik izango du solasaldia moderatzeko zeregina, eta bertan parte hartuko dute Alaiak jubilatuen elkarteak, bertso eskolak, Txirritolak, Udalak, Gazte Asanbladak, Guraso Elkarteak eta areto futbol taldeak.
"Ea zerbait irteten den aurrera begira ere lanean jarraitzeko modukoa", adierazi du Saioa Uriartek.