Kalea argazki-erakustoki bihurtu, eta jendea pozik

Julen Iriondo 2020ko urt. 13a, 10:19

Pedro Ignazio Barrutia kaleko horma XX. mendeko hamabost argazkiz egongo da jantzita aurrerantzean, egonkorra baita Antzinako Aramaio proiektuaren barruan bertan jarri duten erakusketa. "Oso harrera ona izan du", dio Rosa Mondragonek.

Izen zielako gare, garelako izango die lelo ezagunarekin bataiatzen du erakusketa Udalak hura aurkezteko argazkien aldamenean jarritako idatziak. Bertan ageri diren pertsonen "begirada zuzenak, esku zailduak, irribarre eta keinu partikularrak..." ondaretzat dituztela ere badio, baita "beraien gogo-gorputzetatik" eratorritako "bizitzaren ulerkera ere". Askotariko langintza, ohitura eta jardunak ere islatzen dituzte argazkiek: "Aramaio izan denaren katebegiak ezagutaraztea eta hauek gogoan izatea da egitasmo honen helburu nagusia".

Antzinako Aramaio egitasmoan diharduen Rosa Mondragonen arabera, Udalak 300dik gora argazki ditu jasota, duela zenbait urte ateratako beka baten emaitza: "Hortik egin da aukeraketa, eta, batez ere, kontuan hartu dena izan da kalitatea, ez baita erraza garai hartako argazkiek halako tamainan erakusteko besteko kalitatea izatea; horrez gain, nahi izan dugu auzoetako jendea agertzea, emakumearen funtzioei balioa ematea...".

Baserri girokoak, eskolak...

Aramaioren izaera historikoaren ispilu, baserri giroko argazkiak dira hainbat; beste batzuk, adibidez, auzoetako eskoletakoak, 1964ko hau, esaterako: "Uribarriko eskolan bertako zein Arexolako umeak egoten ziren". Argazki azpiko testurako informazioa argazkien jabeek eurek eman dute, kasu batzuetan; bestelako iturrietatik lortu dute, beste batzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak