Larrialdietarako heziketa, eta desfibriladorea laster

Julen Iriondo 2020ko urt. 14a, 12:11
Desfibriladorea jarriko duten lekua, osasun zentro ondoan.

"Emergentzia sanitarioak kudeatzeko programa" martxan du aramaioko udalak. Gabon aurretxoan egin zuten lehen sorospenen aurreneko ikastaroa, eta beste hiru egitekoak dira aurten. Programa barruan, desfibriladorea ere jarriko dute hil honetan.

Gizarte Ongizate batzordeko buru Cristina Etxenausiaren arabera, urtarrila amaitu aurretik jarriko dute desfibriladorea osasun zentroaren ondoan, larrialdi egoeran erreferentziazkoa eta edonork gogoratzeko modukoa izan daitekeen lekuan.

2018ko aurrekontuetan jaso zuen Udal Gobernuak herrian desfibriladorea jartzeko eta lehen sorospenen gaineko formakuntza egiteko diru kopurua, 2.500 euro. Urte hartan ez zen egin, ordea, eta iazko aurrekontuek berriro jaso zuten gaia. Osakidetzarekin harremanetan jarri, eta lehen sorospenen aurreneko ikastaroa egin zuten abenduaren 21ean; eta beste hiru egingo dituzte aurten: Udaleko teknikariekin egingo dute bat, eta merkatariak eta tabernariak ere gonbidatuko dituzte; eskolako irakasleekin, beste bat; eta eskolako umeekin, hirugarrena, "euren adinetara egokituta, baina, adibidez, ume guztiek izan dezaten 112aren berri", Etxenausiaren arabera.

"Aramaioar gehienek epe ertainera lehen sorospenak ezagutzea da asmoa", dio.

Hamazazpi lagun lehen ikastaroan

Herritarren partetik harrera ona izan zuen lehen sorospenen gainean aurrenekoz abenduan egindako ikastaroak. Hamazazpi lagunek hartu zuten parte, eta bihotz-biriketako bizkortzea, desfibriladorearen erabilera eta eztarrian zerbait trabatuta itotzeko arriskuaren aurrean nola jokatu izan ziren landutako gaiak. Urtero egin nahi dituzte halako ikastaroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak