Haziaraba, txiki-txikitatik arteari lotzeko jaialdia

Julen Iriondo 2019ko abe. 13a, 10:58

Berriz dator Aramaiora umeei arterako irrika pitzarazi nahi dien ekimena. Jolaserako proposamena, ikuskizun bat eta film labur emanaldia baliatuko ditu, horretarako, jaialdiak. Paraiso Antzerkia dago, besteak beste, antolatutako ekimenaren atzean.

Abenduan zehar Arabako hainbat herri eta kuadrillatan zehar ibiliko den Haziaraba jaialdiak hilaren 16an, 23an eta 27an egingo du geldialdia Aramaion. "Estimulazio artistiko goiztiarrerako jaialdia" da, familia osoari zuzendutakoa.

1 eta 6 urte arteko umeei eta haien gurasoei dago zuzenduta ekimena – Gaztefilmfest, Gutxinaka-Gutxinaka, Kalakalab eta Paraiso Antzerkiaren eskutik, Aldundiak eta udalek antolatuta–, eta seme-alaben hazkuntzan "artearen balioa bizitzeko eta lotura emozionalak eraikitzeko" aukera izan nahi du.

Helburu horrekin, hiru osagai ditu jaialdiak: aurrenekoa astelehenean izango da Aramaion –hilaren 16an, 16:15ean eta 17:45ean–, Jokoen eszenografiak instalazioa. 1 eta 4 urte arteko umeentzat izango da, "abentura artistiko bat, non handiek eta txikiek kartoizko eszenografia txikietan murgiltzeko aukera izango duten, barnealdea arakatzeko, eraldatzeko eta familian bizitzeko espazio berriak sortzeko". Eskolaren laguntzarekin eramango dute aurrera lehenengo jarduera hau.

Astebetera, hilaren 23an, Lorategian ikuskizunarena izango da hurrengo zita. 18:00etan hasiko da, eta 1 eta 4 urte artekoentzako izango da hau ere: "Emakume bat lorategian jarrita, ametsetan. Gizon bat etorri eta bidaia bat egitera gonbidatuko du, irudien munduan barrena. Bien artean arbola artean dagoen oihala jasoko dute; oihala orrialde zuri bihurtuko da, irudiak sortzeko eta aldatzeko, jolas egiteko eta emozioak azaltzeko leku bihurtuko da".

Jaialdiaren hirugarren eta azken ekintza hilaren 27an izango da, barikua. Iluminar animalarium izeneko zinema emanaldia egingo dute, 18:00etan hau ere, 3 eta 6 urte arteko neska-mutikoei zuzenduta, kasu honetan. Film labur bilduma bat da, non ikusleak hainbat pertsonaia eta animaliari lagun egingo dion "espazio batetik bestera ibiltzen, egoera batetik beste batera iga-rotzen, misterioen bitartez". Antolatzaileen arabera, "animaziozko film laburren nazioarteko programa zirraragarria" da Iluminar animalarium, "haurrek beren lehen zinematografia-esperientziak" izan ditzaten pres-tatutakoa.

Gonbidapenekin

Ekintza guztiak kultura etxean izango dira, eta, parte hartzeko, udaletxean eska daitezke gonbidapenak. Iaz egindakoaren ostean, Haziaraba jaialdiaren bigarren edizioa izango da aurtengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak