Julen Olaizola: "Irabazteko finala izango dela iruditzen zait"

Julen Iriondo 2019ko aza. 8a, 13:58
Julen Olaizola, txapelarekin, Dimako finalaren ostean.

Hirugarren denboraldiz, kanpoan dihardu pilotan. Dena den, berea da aukera bakarra –Markel Arriolabengoarekin– San Martin txapelketan aramaiorentzat txapela lortzeko.

Bihar, zapatua, dira –16:00etan–herriko txapelketako finalak, eta Aramaioko bikote bakarra izango da bertan. Amurrioko Mikel Sanzen eta Aitor Arauzoren kontra jokatuko dute Olaizolak eta Arriolabengoak.

Dimako txapelketa irabaztetik zatoz, lau eta erdian.

Bai; Ibai Cimadevilla igorreztarraren kontra jokatu nuen finala. Partidu eskasa izan zen, hutsegite asko egin genituen biok. Markagailuari dagokionez oso parekatua izan zen. Hamazazpina berdindu genuen, baina gero, 18-21 aurreratu zen bera. Galduta ikusi nuen partidua, baina azken lau tantoak egin nituen partiduko onenak. Azken tantoan huts ez egitera jokatu genuen biok, galtzeko beldurrez; azkenean, gora bota zuen berak.

Bizkaian ibiltzen zara asko; entrenatzen bertan diharduzu, eta jokatu ere, bertako klub batekin.

Iurretan partidu bat nuen, eta bertako entrenatzaileak, Urrutikoetxearen-eta entrenatzaileak, esan zidan ea nahi nuen eurekin entrenatu, eta ni pozik. Ordurako, Orozkoko klubean niharduen, eta ez zidaten arazorik jarri. Kanpora irtetea ona izan da nire garapenerako, maila igotzeko; entrenamendu lagunak nagusiagoak dira, eta maila handikoak, eta ikasten ari naiz. Igartzen dut diferentzia.

Dena dela, bihar zurea da –Markel Arriolabengoarekin batera– Aramaiorentzat txapela lortzeko baza bakarra.

Bai, eta nik uste dut irabazteko finala izango dela; guk bikote hobea egiten dugula esango nuke. Kontrarioak ere ondo ari dira, baina, gure jokoa egiten badugu, ondo irabazi dezakegu. Atzean egin behar dugu partidua, atzelaria ez da hain segurua, aurrelaria da bikoteko puntu fuertea. Ni saiatuko naiz atzera jotzen, eta Markel ere bai dominatzen.

Eta final honen ostean...

Ilusioz nago. Tolosako Migel Soroa txapelketarako deitu didate. Oso txapelketa garrantzitsua da; sorpresa izan da deitzea.

Xabi Errasti txapeldun Legution

El Corte Ingles sariketan, kadete mailan, 18-15 irabazi zion Xabi Errastik Iñaki Cariñanosi. 22 urtez azpikoetan, Asier del Campok 9-22 galdu zuen Aritz Otxoa de Okarizen kontra.Xabi Errastik Arabako Txapelketako lehia du etzi, Danel Herrarterekin batera. Markel Arriolabengoak ere jokatuko du. 12:00etan hasiko dira partiduak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak