Zortzi etxetako sagardoa dastatu ahalko da etzi

Julen Iriondo 2019ko ira. 20a, 12:19

Domekan izango da Sagardo Eguna, eta iaz baino bi etxe gutxiago izango dira aurten bertara euren zukua eramango dutenak, 2018a ez baitzen sagar urte ona izan. Dena den, 160 litro inguru izango dira, denera; aramaioarren eztarriak asetzeko adina.

13:00etan hasiko da domekan Aramaioko Sagardo Eguna, Aitor Ugarte mendi korrikalariak egingo duen txotx irekierarekin. Ordutik aurrera egongo da sagardoa batetik eta bestetik dastatzeko aukera, eta baita jatekoa ere. Ugarterekin eta sagardogileekin batera, Lagun Artean dantza taldeak ere izango du protagonismoa festan.

Txirritola euskara elkarteari lekukoa hartu eta Udala da orain Sagardo Eguna antolatzen duena. Urteak daramatzate egunarekin; udal ordezkari moduan lehena izango du Kirol eta Kultura batzordeko buru Ana Martiarenak, eta berari egokitu zaio, besteak beste, antolaketan jardutea: "Egun hau da ikusteko, ezagutzeko, Aramaion sagardogile asko daudela, bertan sagardoa egiten dutenak".

Domekan plazara doanak aurkituko dituen sagardoei dagokienez, Martiarenak dio ez direla ohiko sagardotegietatik sortzen dena bezalakoak: "Sagardo desberdina izaten da. Inoiz ez baduzu sagardo hori probatu, litekeena da gogorragoa iruditzea, desberdina, baina ondo dago. Gauza polita da herrian halako ekoizpena edukitzea". Zukua dastatzeko aukera ere egongo da.

20 litro etxe bakoitzeko

Etxe bakoitzeko hogei litro inguru eramango dituzte, eta zortzi izango dira aurten plazan batuko diren sagardo desberdinak, iaz baino bi gutxiago: "Iazko edizioan baino gutxiago izango dira, iaz sagar gutxi egon zelako. Baina 160 litrorekin denendako adina egongo da, bai sagardoa eta baita taloa ere", dio Martiarenak.

Azpiko Racing taldea –urte luzeetan rallysprinta antolatzen ibiltzeagatik– iaz eta Aramaioko Pelota Elkartea duela bi urte – hamar urte betetzen zituelako– izan dira, adibidez, azken urteotan txotx irekieraren ohorea izan dutenak; aurten, berriz, Aitor Ugarteri proposatu zioten, eta gustura eman du hark baiezkoa. Martiarenaren hitzetan, ohorea herriarena da: "Edozein herritan ez dago munduko txapeldun bat, eta halako gaztea, gainera".

Edanarekin batera jateko, aurten ere taloak izango dira Sagardo Egunean. Lagun Artean dantza taldeko kideek izango dute mokadu tradizionala prestatzeko ardura. Horrekin batera, dena den, dantza ere egingo dute, sagar dantza, hain justu, egunari dagokion moduan.

Ana Martiarenak gonbidapena egin die herritarrei domekako festan parte har dezaten: "Jendea datorrela eta proba ditzala herriko sagardoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak