Urteetan Aramaion ateratako argazkiekin liburua osatzeko ideia proposatu zioten Alex Mendikuteri, eta, hasiera batean ideia hura baztertu arren, denborarekin indarra hartu zuen: "Argazkiekin bakarrik ez, baina, haiei hitz batzuk gehituz gero, zergatik ez?", esan zion bere buruari argazkilariak.
Horrela jarri zen Manex Agirrerekin harremanetan, eta bien lanaren emaitza da hurrengo barikuan –19:30ean, Sastiñan– aurkeztuko duten liburua: Begiz jotako koplak. Argazki guztietan ageri dira herritarrak, batzuetan bakarka eta beste batzuetan lagunduta edo taldean; eta, argazkiekin batera, bertsoak, neurri desberdinetakoak: "Pertsonari edo pertsonei buruzkoak baino gehiago, irudiei buruzkoak dira egindako bertsoak. Nire ustez, liburuak bi irakurraldi merezi ditu: lehenengoa, argazkiak ikusteko, eta, ondoren, bertsoez lagunduta, argazkiak berrikusteko. Azken finean, bertsoek argazkiei egindako begirada konkretu bat eskaintzen dute", dio Manex Agirrek.
Adibide batekin azaltzen du nolakoak diren argazkiak eta zertzuk hartzen dituen bertsoetarako aitzakia: "Badago, adibidez, neska gazte dantzari talde bat, eta Aramaioko sanmartinetako azoka egiten den gunean daude, kale erdian, borobilean jesarrita. Horri buruzko bertsoa ez da eurei buruzkoa, baizik eta automobilak pasatzen diren lekuan jesarrita egoteari buruzkoa. Irudiak iradokitakoaren gaineko bertsoak dira denak". Irudietako asko jaietakoak, Santa Ageda egunaren bueltakoak, Lorabarri Egunekoak eta Martxoaren 8koak dira, esate baterako.
Hogei eurotan
Manex Agirrek lan handia egin duela dio Mendikutek: "Nirea errazena izan da. Urteetan ateratako argazkiak nituen, nire lana eginda zegoen, baina berak argazkiak hartu eta bakoitzari, bere begiradarekin, kopla bat egitea izugarrizko lana izan da". Mendikuteren parteari buruz Manex Agirrek, berriz: "Argazki ederrak dira, benetan"; zuribeltzean daude denak.
Liburua herriarentzat egin dutela adierazi dute, eta irabaziak ere ez dira eurentzat izango, itsas salbamendurako Aita Mari ontziarentzat baizik. Hogei euro kostako da, eta aurkezpen ekitaldian egongo da salgai. Ekitaldiari dagokionez, azalpenak ematearekin batera, argazki batzuk erakutsiko dituzte pantaila handian, eta bertso batzuk kantatuko dituzte, musikaz lagunduta.