Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkarteak artistaren ekarpenaren inbentarioa egiteari ekin zion duela hiru urte, eta, egun, 1.500 koadro ditu katalogatuta. Baina jakin badakite oraindik asko falta zaizkiela jasotzeko: "Gure kalkuluen arabera, 3.000 lirateke Galartak margotutakoak".
Pintore arrasatearrak oso gustuko zituen Aramaioko bazterrak, eta koadro askotarako aitzakia izan zituen: "Horietako hainbat identifikatuta daude, baina badakigu jakin oraindik katalogatu ez diren asko etxe partikularretan geratzen direla". Horregatik eskatzen diete aramaioarrei Galartak margotutako koadroren bat ezagutzen badute adieraz diezaieten galartaelkartea@ gmail.com helbidera idatzita.
Koadrook katalogatzearekin batera, erakusketa egin nahi dute Aramaion, aurtengo urrian: "Erakutsiko diren margolanen izendatzaile komuna Aramaio izango da: inguruak, baserriak, kaleak, eta abar". Aramaioko Udalaren laguntza du ekimenak.