Bisita programaren balorazio baikorra

Julen Iriondo 2019ko uzt. 19a, 15:03

Aramaioren ondarea ezagutarazteko Amillena elkarteak eta Udalak elkarlanean aurrera eramandako egitarauaren emaitzarekin pozik geratu dira batzuk zein besteak. Azken hilabeteetan hamar bisita egin dituzte, 195 lagunen parte-hartzearekin.

Askotariko bisitak eta ekintzak egin ditu Amillenak iazko urrian egitaraua estreinatu zutenetik: herriaren historia orokorra errepasatzea helburu izan duen Aramaio ezagutu izenekoa –bat berezia, gainera, eguneko zentroko erabiltzaileentzat egindakoa–; naturaren interpretaziorako Errez kooperatibarekin egindakoa; pertsonaia mitologikoez jardunez eta Aramaioko kondairak kontatuz egindako bisita mitologikoa; Erdi Aroari buruzko bisita; eta eskolan zein familientzat egindako Betaurreko berdeak izeneko tailerra, kontsumo ohituren gaineko gogoeta egitea helburu izan duena.

Amillena elkartea ez da elkarte berria, baina, aurrez zenbait ekintza egindakoa izanda ere, hainbat denboraz lozorroan egon ostean indartsu berrartu du aktibitatea, bisita programa honekin. Aramaio ezagutu izeneko bisita eta bisita mitologikoa aurrez ere bazituen Amillenak bere eskaintzan –lau saio izan dira, denera–; oraingoan, baina, Udalarekin batera osatu eta antolatu dituzte. Natura interpretazioarenak izan dira bisita berriak, eta baita Betaurreko berdeak eta Erdi Aroa gaitzat izan duen bisita ere.

Amillenatik adierazi dute, oro har, "oso pozik" daudela partehartzearekin: "19,5 pertsona etorri da bisitako. Bisita askotan, hasieran jarri genuen parte-hartzaile muga gainditu egin dugu pixka bat. Ikasteko gogoz etorri da jendea, baita parte hartzeko eta beraiek dakitena, betiere, errespetuz, kontatzeko gogoz ere. Helduentzako bisitetan 20 urtetik hasi eta 70 urtera arteko parte-hartzaileak izan ditugu".

Generoari dagokionez, bisita gidatuetan ohikoa den bezala, emakumezkoak gehiengoa izan dira, nabarmen. Bestalde, partehartzaile gehien-gehienak Aramaiokoak bertakoak izan dira, baina izan dira Debagoieneko beste herri batzuetako banaka batzuk ere, eta baita Gasteiztik etorritakoak.

Udala ere gustura

Aramaioko ondarea jaso eta ezagutarazteko Udalak martxan dituen ekimenen artean beste bat da bisita gidatuona. Amillenarekin elkarlanean gauzatutako programaren lehen aldi hau amaituta, balorazio baikorra egin du Udalak ere: "Balorazio oso ona egin dugu; herritarren parte-hartzea polita izan da, eta bisitak oso interesgarriak izan dira. Amillenarekin harremanean jarraituko dugu, eta asmoa da elkarlanean jarraitzea", adierazi dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak