168 kilometroko lasterketa egin, eta 10. bukatu. Ez da marka makala Aitor Aranak Ehun Miliak proban egin duena: "Laugarren aldiz egin dut; hortaz, esperientzia banuen, banekien zer zen", dio. Baina aurreikuspenak gainditu eta inoiz egin duen markarik onena egin du Aranak: 27.00.53 –orain arteko marka hiru ordu eta erdi ondu du–. Horrelako lasterketa luze bat egiteko sekretua zera dela dio.
"Hasi eta joan eta joan... nork bere buruari animoak eman, lasterketa amaieran pentsatu beharrean, hurrengo datorren puntu baten pentsatzea da onena. Etapaka egitea moduan", azaldu du Aranak.
Lo egin barik
Egubakoitzean 18:00etan hasi zuten lasterketa: "Gaua garbi-garbia zegoen, ilargiaren argiarekin. Oso gustura ibili nintzen gauez... izan ere, ohituta nago, lan ere gauez egiten dut eta". Ehun Miliak proban bi anoa-postu garrantzitsu egoten dira: jan, lo, dutxa bat hartu... "Jan eta dutxa bat hartu nuen. Garrantzitsua da jatea". Makalaldirik ez zuela izan gaineratu du. Dutxa hartzeaz gain, arropak eta oinetakoak aldatu zituela dio: "Garrantzitsua da oinetakoak aldatzea; bestela, hankak..." Helmugara zapatuan iritsi zen, 21:00etan.
Han zituen emaztea eta bi alabak: "Lasterketa guztian zehar ere animoak ematen egon ziren, nire laguntzaileak dira". Etxera itzuli eta lo egin zuela dio: "Lo bapo egin nuen, hurrengo eguneko 13:00ak arte".
Hurrengo lasterketa Alpeetan jokatuko du, abuztuaren 26an: Mont-Blanc-eko ultramaratoia. Lasterketa "teknikoagoa" dela dio Aranak.