Arabako lau eta erdiko txapela jantzi du Asier Del Campo aramaioarrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko uzt. 19a, 08:00
Del Campo, beheko ilaran, ezkerretik hasita bigarrena.

Gasteizen jokatutako finalean 22-3 nagusitu zen aramaioarra Markel Aranberriren aurka. Txapela aitaren eskutik jaso zuen Asier del Campok. Denboraldia lesio batekin hasi zuen arren, buelta eman dio egoerari: Añorgako txapelketan ere aurrera egin du.

"Pozik" dago Asier del Campo pilotaria. Ez da gutxiagorako. Denboraldia gaizki hasi arren, egoerari buelta eman eta Arabako lau eta erdian nagusitu da. Joan zen aste bukaeran izan zuen finala, Gasteizen, Lakua taldeko Markel Aranberriren aurka. Samur nagusitu zen aramaiorra: 22-3: "Oso ondo joan zen partidua. Sakearekin ondo hasi nintzen eta 12-1 jarri nintzen aurretik. Ondoren etorri ziren gainontzeko tantoak", azaldu du Del Campok. Gakoa sakea izan zela nabarmendu du.

Txapela, aitaren eskutik

Txapela, gainera, aitaren eskutik jaso zuen: "Aramaioko klubeko presidentea denez, sari banaketa ekitaldian egon zen". Izan ere, Del Campok Lakua elkartearekin jokatzen duen arren, Aramaioko fitxa dauka; horregatik, lau eta erdiko txapelketa Aramaioko kamisetarekin jokatu du. Ez da lehenengo aldia Del Campok lau eta erdiko txapela janzten duena. "Iaz, kadete mailan irabazi nuen. Bigarren urteko kadete nintzen. Baina aurten, lehen mailako gaztea naiz, nagusiagoen aurka jokatzen dut".

Txapelketan zehar izan duen partidu zailena finalaurrekoa izan zela dio: "Alonsoren aurka 22-3 irabazi nuen; partidu garrantzitsua izan zen finala irabazteko. Izan ere, Aranberri taldekidea dut, eta ondo ezagutzen dut, berarekin entrenatzen naiz eta".

Denboraldi hasieran, lesioa

Denboraldia txarto hasi zuela gogoratzen du Del Campok. Urrian buruz buruko partidu batean eskuan min hartu zuen eta otsailera arte jokatu barik egon zen: "Ondoren, Iruñean, Lizarran, lau eta erdian... ondo sentitu naiz". Gasteizko Lakua taldeko pilotaria da Del Campo: astean bi entrenamendu egiten ditu, martitzenetan eta eguenetan, Lakuan. "Astelehenetan Aramaion entrenatzen naiz, Oihan Bideburu entrenatzaile ohiarekin; pilota goxoarekin ibiltzen gara", gaineratu du. Lakua elkarteko entrenatzailea Gorka Gonzalez du.

Añorga eta Andramari Zuria

Beste txapelketa batzuetan buru-belarri sartuta dabil Del Campo: "Añorgako txapelketa jokatzen nabil Jokin Larrietarekin bikotea osatuz. Final-laurdenetara iritsi gara; eta uztailaren 24an Andramari Zuriaren txapelketa hasiko da Gasteizen. Endika Altube izango dut atzelari lanetan". Arabako txapelketa guztietan bikotekide bera izaten du –rankingaren arabera osatua–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak