Espainiako Kopako hirugarren lasterketa ere bazen Sierra Nevadakoa, eta, aurreko biak bezala, Aitor Ugartek irabazi du hirugarrena ere. Canfrancen (Huesca) jokatuko da irailean laugarren eta azken proba; dena dela, matematikoki, berea da Espainiako Kopa ere, nahikoa du azken proban parte hartzearekin.
Munduko Kopa Erroma inguruan izango da. Abuztuaren 2an kilometro bertikaleko proba izango du Ugartek, eta 4an lineako lasterketa.
Sierra Nevadakoari dagokionez, 50etik gora korrikalari izan ziren irteeran, kategoriako onenak. Haizeak baldintzatu zuen lasterketa, 100 km/h baino gehiagoko ufadak ere izan zituzten-eta –50 metroko desnibela kendu zioten antolatzaileek; berez, 1.000 zituen, eta 4.800eko luzeera–: "Estrategia erabili beharreko lasterketa izan zen. Taldean atera ginen, erreleboka jardun genuen, eta inportantea zen ezkutatu ere egitea, haize gehiegi ez jatea. 30 laguneko taldea geratu ginen, gero seikoa, eta lasterketa erdi inguruan erasoa jo nuen; 100 metro hartu nituen, eta apur bat jan zidaten, baina 60 inguruko aldearekin iritsi nintzen", zioen Ugartek, lortutakoarekin "oso pozik".