Udaleko batzordeak eta arduradunak, erabakita

Julen Iriondo 2019ko eka. 28a, 17:40

Aurreko agintaldiko zazpi batzorde berberak izango dira, atzera ere, oraingoan, eta EH Bilduko zinegotzi bakoitzak izango du horietako baten ardura. Cristina Etxenausia izango da alkateorde, eta, alkatearen soldatari dagokionez, 39.510 euro izango da.

Aurreko eguenean egin zuen udalbatza berriak agintaldiko aurreneko osoko bilkura, ezohikoa –berez, atzoko egunez egitea tokatzen zen–; hain justu, bertan erabaki zen, esate baterako, hileroko bilkurak, orain arte bezala, hileko azken eguenetan egitea, 19:00etan. Uztaila eta abuztua izango dira salbuespenak; hilabete horietan presazko gairen bat jorratu beharra sortuko balitz, ezohiko osoko bilkura deituko lukete –datorren hilean, adibidez, egongo dela iragarri zuen Lierni Altunak–.

Alkateordeak ere izendatuta geratu ziren: Cristina Etxenausia izango da lehena; Ana Martiarena, bigarrena; eta Santi Balantzategi, hirugarrena. Batzordeak zazpi izango direla ere –orain arteko berak– eman zuen aditzera alkateak (ikus behean, batzorde bakoitza bere batzordeburuarekin). Batzordeak EH Bilduko hiru zinegotziz eta EAJko batez egongo dira osatuta.

Diru kontuak

Aramaioko Udalak askotariko erakundeetan duen ordezkaritza dela-eta, haietako bakoitzean Udala ordezkatuko duten pertsonak eta ordezkoak ere izendatu zituzten osoko bilkuran.

Alkateak jasoko duen ordainsariaren gainekoa eta udal talde politikoek jasoko duten diruaren gaineko puntuak izan ziren onartutako besteak.

Alkatearen ordainsariari dagokionez, 39.510 eurokoa izango da urtean, hamalau pagatan banatuta. Udal langileentzako soldata igoerarik balegoke, alkatearen soldatan ere izango luke eragina.

Udal talde politikoek jasoko duten diruari dagokionez, berriz, 2019ko aurrekontuetan onartu zen moduan, 12.000 euroko partida honela banatuko da: 2.000 euro jasoko dituzte bai EH Bilduk eta bai EAJk osagai finko moduan; osagai aldakorrari dagokionez, zinegotzi eta batzordeburu kopuruaren arabera egiten da gainerako 8.000 euroen banaketa, eta 6.500 euro dagozkio, honenbestez, Gobernuko taldeari, eta 1.500 jeltzaleei.

LGTBI Komunitatearen Eguna

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, ekainak 28, eta hori gogoan izango du Aramaioko Udalak. Osoko bilkuran agertu zuen Lierni Altuna alkateak udaletxeko balkoian lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen aldeko bandera jartzeko asmoa, eta denak agertu ziren ados.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak