"Ondorengo abestia ezagutzen ez baduzue, irratia ondo ez duzuelako da", esan dute gaur iluntzean Bohemian Soul taldekoek Aramaion eskaini duten kontzertuaren une batean. Eta arrazorik ez zaie falta izan, bata bestearen atzetik dagoeneko klasikoak diren doinuak jo dituzte eta: Chris Isaaken Wicked game; The Animalsen The house of the rising sun; Adelen Rolling in the deep; The Cranberrisen Zombie...
Bañera parkean izan den emanaldiarekin eman dio hasiera Galdakaotik heldu den bikoteak ekaineko egubakoitzetan izango den kontzertu sortari. Eta aipatu bezala abesti aski ezagunak jo arren, Patricia Reckless abeslariaren ahots indartsuak eta Mario Maravillasek gitarrarekin duen abileziak ukitu berezia eman die denei, berez freskoa zen giroa epelduz.
Rule of Trees taldearen txanda izango da datorren asteko ostiralean.