2010ean hasi zen Udala ekaineko eta iraileko egubakoitzetan Sastiña musika jaialdia antolatzen, eta, orain arteko eskaintzak izan duen "harrera ona" ikusita, hamargarren edizioa abiaraziko dute bihar, egubakoitza.
Ekainerako prestatutako egitarauan herriko musika taldeei tokia egitea dutela helburu dio Aramaioko Kultura teknikari Itxaso Aspiazuk: "Gonbidapena egin genien, baina ez dugu proposamenik jaso; hortaz, saiatuko gara iraileko jaialdirako beste deialdi bat egiten".
Galdakaotik, Bohemian Soul
2015ean sortu zuten Patricia Recless abeslariak eta Mario Maravillas gitarra-joleak Bohemian Soul bikote artistikoa. Garai ezberdinetako askotariko musika taldeen eta abeslarien bertsioak egiten dituztela kontatu dute: "60ko hamarkadan hasi eta gaur egungo kantu ezagunak aurkituko dituzue gure errepertorioan; adibide batzuk aipatzearren, Eagles, Metallica, Amy Winehouse, Adelle eta baita Coque Maya ere. Aurrerantzean, guk konposatutakoak ere eskaini nahi genituzke, eta ari gara dagoeneko kantu berriak sortzen".
Hurrengoan ere, kantu ezagunak
Rule Of Trees laukoteak hartuko du lekukoa datorren astean Sastiñan; horiek ere folk, pop eta rock akustiko estiloetako kantu ezagunak eskainiko dituzte.
Hirugarren egubakoitzean, berriz, Robert James Waller idazlearen Aires de la frontera eleberritik "lapurtutako" Lobo&- Carmine izena duen bikoteak country estiloa oinarri duen emanaldia eskainiko du; eta, ekaineko egitaraua borobiltzeko, Discofagia taldea gonbidatu dute Aramaioko musika ziklora.
Egitaraua
- Ekainak 7: Bohemian Soul (rocka, countrya, soula, rhythm&bluesa)
- Ekainak 14: Rule Of Trees (folka, popa, rock akustikoa)
- Ekainak 21: Lobo & Carmine (country-mexa)
- Ekainak 28: Discofagia (rocka, popa, soula).
Emanaldi guztiak Sastiñan, 20:00etan eta doan dira.