Aramaixoko Gazte Asanbladak antolatuta, karropoteo-arekin hasiko dute festa bihar, zapatua, 13:00etan. Bazkaria izango da gero, 14:30ean, eta Txan Magoaren emanaldia bazkalostean. Eta gauean, kontzertuak.
Perlata arrasatearren txanda izango da 21:00etan; eta ondoren, orduz ordu, hurrenkera honetan ariko dira: Tributo MCD (Aramaio), Alta Tension (Aramaio), Katez (Leitza), Balarrasa (Durango) eta Desorden (Portugalete). Talde indartsuak dira guztiak.
Egun bakarra berriro
Aurreko urtekoa hamargarren edizioa zela-eta bi egunekoa egin eta gero, ohiko formatura itzuli da festa eguna. "Bikoa mantentzeko aukera aztertu genuen, baina, Gazte Eguna ere egin dugunez, bakarrera bueltatzea erabaki genuen", dio Gazte Asanbladako Unai Etxenausiak.
Beste alde batetik, "aurrerapausoa" eman eta agertokian emakumeen presentzia handiagotu nahi izan dute, eta, horrela, emakume bat baino gehiagoko hainbat talde izango dira aurtengo edizioan.