Badator aurtengo musika astea. Prest dago egitaraua eta astelehenetik ekainaren 4a bitartean musika entzungo eta ikusiko da, eta musikaz berba egingo da Aramaion.
Horretara dator, esaterako, Zuriñe Hidalgo, musikaz berba egitera. "Ez da hitzaldi edo saio itxi bat izango. Nire ibilbideaz berbetan eta musikan bizitakoak komentatzen hasiko naiz. Musika, euskara eta emakumea. Hiru ardatz horiek izango ditut oinarrian, eta nire esperientzia zein den azalduaz jendearekin berba egitea da asmoa. Euren galderei erantzun, esperientziak trukatu... Gertuko giro bat sortu eta elkarrekin berba egiteko asmotan noa Aramaiora", dio Hidalgok. Hona datorren lehen aldia dela ere aitortu du: "Lagunak baditut, baina ez naiz bertan inoiz egon".
Solasaldiaz gain, musikari lotutako film bat eta dokumental bat ere botako dituzte, baina kontzertuek eta zuzeneko musika emanaldiek osatzen dute Musika Astearen egitarau ia osoa. Astelehenean, esaterako, gitarra doinuak entzungo dira Carmen Becerrak Sastiñan egingo duen kontzertuan. Dr. Moranx taldeak jazz estiloko musika joko du hilaren 31n, eta hurrengo egunean, ekainak 1, Azkaiter Pelox etorriko da Bergaratik.
Etxekoak
Herriko musika ikasleek ikasturte bukaerako kontzertua eskainiko dute eguenean. Txistu ikasleek, esaterako, kalejira egingo dute herrian zehar, eta gitarrakoek eta pianokoek pelikuletako melodiak, Queen edo ACDC taldeen doinuak joko dituzte. Alaiak Kantuan jubilatuen taldeak ere emanaldia egingo du zuzendariaren akordeoiaren laguntzaz; lehenengo, eguneko zentroan abestuko dute, eta gero Sastiñan. Kantu jira ere egingo dute ondoren herrian zehar.