Urteroko ekimena da Txirritola euskara elkartearen hau, eta honetan datza: liburutegian euskarazko liburu bat hartu, eta irakurri ondoren, liburutegira itzultzean, fitxa bat bete behar da. Hori egiten dutenen artean sariak banatuko dituzte zozketa bidez. Ekainaren 19ra bitartean egongo da aukera.
'Basa' nobela hizpide
Ekimenaren barruan, Miren Amuritzarekin literaturari buruzko tertulia egingo dute bihar, hilak 30; 18:30ean hasiko da, eta, eguraldiak laguntzen badu, parkean izango da.
"Bere sormen prozesua nolakoa den kontatuko digu Mirenek, edo irakurle modura ze esperientzia izan dituen eta dituen, ze iturritara jotzen duen", dio Txirritolako Oihana Ameskuak.
Baina, noski, saioaren ardatza bizkaitarraren lehen eleberria izango da, Basa izenekoa. Mundu ikuskera baten amaiera kontatzen du Amuritzak liburuan, Sabina Gojenola izena eman dion emakume baserritar baten bitartez.